Iban San Martin eta Jesus Arana Zarauzko Udal Gobernuko kideak atzoko agerraldian (Zarauzko Hitza).
BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek 10. greba eguna zuten atzo eta, lehenbiziko aldiz, agerraldia egin zuten eguerdian Zarauzko Udal Gobernuko ordezkari Jesus Aranak eta Iban San Martinek, «kiroldegiko langileen eta enpresen arteko lan gatazkaren» nondik norakoak azaltzeko. Eurek «argi eta garbi» utzi zuten Udal Gobernua bitartekari lana egiten ari dela.
Akordio batera heltzeko helburuarekin, enpresek beharginei hiru proposamen egin dizkietela azaldu zuen Aranak, baina langileek oraindik ere ez dutela kontraproposamenik aurkeztu. Haren arabera, batetik, 2012tik iraungita dagoen Gipuzkoako Instalazio Publikoen hitzarmena berridatzi eta sinatzeko proposatu zieten Gabonen ondoren. Bestetik, martxoaren hasieran, «langileen plataformako hainbat puntu» barnebiltzen dituen proposamena egin zieten enpresek, besteak beste, KPIaren %85eko igoerarekin soldatetan.
Azkenik, aste honetan, soldatak eguneratu ondoren, urtero urteko soldatetan ehuneko jakin bat igotzea proposatu diete, hau da, 2017an soldatak %1,8 igo eta gero, 2020 bitartera arte, urtero, %1a areagotzea. Aranaren arabera, langileek KPIa gehi bi puntuko igoera eskatu dute, baina «KPIa balore aldakorra» denez, «enpresek ehuneko hau finkoa izatea eskatzen» dute.
Era berean, Udal Gobernuko kideek 2012ko tauletan jasotzen diren soldata gordinen zenbatekoak jakinarazi zituzten: «Begirale batentzat urteko 25.585 eurokoa da, sorosleena 24.111 eurokoa eta harrerakoena 21.118 eurokoa. Hori guztia, antzinaztasuna eta beste gehigarriak kontuan hartu gabe». Gaineratu du langileek «15 paga» dituztela, eta horiek kontuan izanik, «begirale batek hileko 1.705 euroko soldata gordina izango luke, sorosle batek 1.600 eurokoa eta harrerakoek 1.407 eurokoa. Kopuru hauek ere gordinak dira, antzinatasuna eta beste plusak kontuan izan gabe».