Iban Ameztoy, Ikerketa Zentro Bateratuko analista (Iban Ameztoyk utzitakoa)
Europako Agentzia Espazialean izan berri zara Sentinel 2B satelitearen orbitaratzea jarraitzen. Nola sortu zitzaizun bertan egoteko aukera?
Martxoaren 7an, Europako Agentzia Espazialak (ESA)
Sentinel 2B satelitea orbitaratu zuen Vega suziri espazial batean Guyana Frantsesatik (Hego Amerika). Agentziak berak hilabete batzuk lehenago deialdi bat egin zuen Darmstadten (Alemania) duen Operazio Espazialen Europako Zentrora (ESOC) joateko gonbidapena luzatuz. Satelite ezberdinek ateratako irudien erabiltzaile naizen aldetik, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan ESArentzako horren esanguratsua zen egun bat bertatik bertara bizi ahal izatea. Aste batzuk itxaron ondoren, duela hilabete inguru nirekin harremanetan jarri ziren eta aukeratuetako bat nintzela esan zidaten. 25 nazionalitateetako 100 bat laguni eman ziguten bertaratzeko aukera.
Zer suposatu du zuretzat bertan egoteak?
Orbitaratze prozesua hasi aurretik, ESAko instalazioak eta departamenduak bisitatu genituen; batetik, Rosetta zein GAIA misioak edota ExoMars programa azaldu zizkiguten, eta bestetik, sateliteen kontrol zentroan, hondakin espazialen unitatean eta halakoetan egon ginen. Betidanik izan dut gai horien inguruko interesa, eta izugarria izan zen misio horiek kudeatzen diren tokian zein jendearekin egotea.
Orbitaratzea Guyana Frantsesetik egin zen arren, operazio zentroa Damstadten dago, eta bertan zeuden operazio zuzendaria, misioaren managerra eta prozesuan parte hartu zuten hainbat ingeniari zein teknikari. Horiekin batera, Europar mailan sateliteko irudiak erabiltzen dituzten hainbat zientzialari ere gerturatu ziren. Beraz, profesionalki sekulako bizipen positiboa izan zen niretzat horiekin guztiekin hitz egiteko aukera izatea.
Elkarrizketa osoa irakurtzeko, joan
Zarauzko Hitzaren webgunera.