Martxel Aizpuruaren GUTUNA, Berria egunkarian: 'Energia nuklearra nahi?'

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 14a

Garoñako zentral nuklearra berriz martxan jarriko ote duten beldurra ez da arinki baztertzekoa. Aukera handiak ditu. Jende askok ez dugu ez Garoñakoa ez beste inongo zentral nuklearrik nahi, baina badakigu ez zaigula inor etorriko nahi dugun ala ez galdezka. Ematen zaigun aukera bakarra manifestazioak egitea da. Manifestazioak ere egin behar dira, baina esan behar da norberak badituela beste bide batzuk ere. Lehenengoa, energia berriztagarriak kontrata ditzakegu, energia nuklearraren jabe diren Iberdrola eta Endesakoaren ordez. Sinplea da, Goiener bezalako kooperatiba batera deitu eta konpainiaz aldatu nahi duzula esan. Bigarrena, beren akzioak energia nuklearrean jarrita dauden bankuetatik dirua atera eta ez dauzkatenetara aldatu. Duela gutxi gure arteko banku baten izena ere zabaldu da, adibide gisa. Informazioa duenari eskatuko nioke zabaltzea ea zein banku diren energia nuklearrean akziorik ez dutenak. Dituen ondorioengatik informazio erabat fidagarria behar du izan. Ziur naiz badela norbait horren berri eman dezakeenik. Argi daukat: energia nuklearrean sartuta dauden enpresei energia, indar ekonomikoa kendu behar zaie, eta energia berriztagarriak bultzatzen dituztenei eman, bestela jai dago".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide