Aurreikusi bezala, Zarauzko kiroldegiko langileek lanuzteak egingo dituzte datorren astean. Zehazki, astelehenetik larunbatera egongo dira greban. Egun horietarako hainbat mobilizazio antolatu dituzte. Batetik, asteazkenean zumba saioa izango da udaletxe atarian, "erabiltzaileek emandako babesa eskertzeko, eta datozen egunetan kiroldegiko ikastaroetan ezingo dutela parte hartu kontuan izanda". Langileen aldarrikapena izango du oinarrian ekitaldiak, baina "ekintza polita" izango da aldi berean, ELAko Urola Kostako ordezkari Janire Diazen esanetan. 18:30etik aurrera izango da, doan.
Bestalde, ostegunean auto karabana egingo dute, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Ordua zehazteke dute. Ostiralean, berriz, udaletxe aurrean kanpaldia egingo dute, protesta modura. Besteak beste, esku orriak banatuko dituzte euren egoeraren berri emateko. 17:00etatik 19:30era bitartean izango dira bertan.
Larunbat eguerdian, aldiz, manifestazioa egingo dute kiroldegitik udaletxe atariraino.