Zarahitz herri ekimenaren egoitza inauguratu dute. Familia argazkia atera dute. (Aritz Mutiozabal).
Herri galdeketak egin ahal izateko sinadura bilketaren erronka gaindituta, Urola Kostako herri ekimenek bigarren faseari heldu diote. Maiatzaren 7ko galdeketaren nondik norakoak ezagutaraztea dute orain helburua, ahalik eta herriko talde, elkarte, denda, taberna, eragile eta norbanako gehien bildu dadin ekimenera. Horretarako, Zarahitzek egoitza berria inauguratu du gaur arratsaldean Zarautzen, Zigordia kaleko 16. zenbakian, hainbat herritarren babesean. Xabier Euzkitzeren eta Araitz Urtiaga eskubaloi jokalariaren bidez, antolatutako ekintzen berri eman dute bertan.
Maiatzaren 7ko herri galdeketaren inguruko informazioa eta materiala jasotzeko bilgunea izango da egoitza berria. «Erronka handia eta polita dugu aurretik, eta denok gara beharrezkoak galdeketa hau egin ahal izateko. Beraz, etorri beldurrik gabe eta ekarri ingurukoak ere. Orain arte egin ditugunak ikusita, badakigu askoz gehiago egiteko gai garela», nabarmendu du Euzkitzek. Lokala egunero egongo da zabalik, ordu zehatzetan.
Ekintzei dagokienez, martxoaren 18rako erabakitzeko eskubidearen aldeko egun osoko jaialdia antolatu dute, «festa egun herrikoia» izatea nahiko luketena. Egitarau zehatza laster jakinaraziko duten arren, festaren nondik norakoak eman dituzte; goizean, herriko abesbatzek, trikitilariek eta txistulariek girotuko dituzte kaleak; ondoren, herri bazkaria izango da, eta bazkalostean bertsolarien saioa izango da; arratsaldean, erromeria; eta gauean, kontzertuak. Herri bazkarirako txartelak salgai daude egoitza berrian nahiz Eguzkin, Txiki Politen eta batzokian, 12 euroan.
Hurrengo asteotan erabakitze eskubidearen inguruko hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egingo dituzte, baina herria girotzeko «denon beharra» izango dela nabarmendu dute aurkezleek. Horretarako bi deialdi egin dituzte: batetik, boluntario moduan lan egiteko prest dagoenak egoitza berrian izena emateko, eta bestetik, galdeketaren logotipoarekin atera dituzten banderolak balkoietan jartzeko.
Hona hemen gaur goizeko irudi bilduma:
[flickr_set id="72157677820833143"]