Gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna,
Azpeitiko, Azkoitiko eta Zarauzko udalek adierazpen instituzionalak egin dituzte. Horrez gain, eskualdeko hainbat herritako ikasleek elkarretaratzeak egin dituzte.
Azpeitiko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleek,
Emakumeak libre eta bizirik. Ez zoriondu gaurko egunez, etorri eta borrokatu gurekin lelopean, elkarretaratzea egin dute Sanjuandegiko biribilgunean. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan Azpeitiko hainbat eragilek ere elkarlanean antolatu dituzten egitasmoetan parte hartzeko deia egin dute.
Orioko kaleak ere parekidetasunaren aldeko aldarriek hartu dituzte. Giza-katea osatu dute kaleetan barrena, eta kultur etxe parera iristean manifestua irakurri dute ikasleek eta Saltxerak taldeko ordezkari batek.
Zumaia, berriz, berdintasunaren aldeko giza-kateak zeharkatu du. Oikiako Eskolako, Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiako Institutuko, Maria eta Jose ikastetxeko eta Lanbide Heziketako eskolako ikasle eta irakasleek osatu dute katea berdintasuna aldarrikatzeko. Giza-kateak hainbat kale hartu ditu, eta ikasle guztiak bat eginik Beheko Plazan bukatu dute ekitaldia. Han, martxoaren 8aren inguruko adierazpena irakurri dute eta hezkidetzaren aldeko apustua egin dute.
Zarautz ere morez jantzi dute. Herriko ikastetxe guztietako ikasleak apurka-apurka Lege Zaharrean biltzen joan dira, leporaino bete arte. Orduan, guztien artean osatutako manifestua irakurri dute ikasle batzuk gazte guztien izenean, eta bertsoekin amaitu dute ekitaldia.
19:00etan elkarretaratzea egingo dute Orioko, Azkoitiako, Azpeitiko plazan.
- Zumaiako argazki bilduma, hemen ikus daiteke.
- Orioko argazki bilduma, hemen ikus daiteke.
- Zarauzko argazki bilduma, hemen ikus daiteke.