Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzionalak onartu dituzte Urola Kostako hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 8a

Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen onartu dituzte adierazpen instituzionalak. Azpeitiko Udalak atzo onartu zuen aho batez testua, eta Azkoitian gaur irakurri dute testua Udal Gobernuko kideek. Zarautzen ere gaur irakurri dute testua udaleko alderdi guztietako ordezkariek.

Zarauzko Udaleko alderdi guztietako ordezkariek irakurri dute adierazpen instituzionala gaur. (Zarauzko Udala) Azpeitiko, Azkoitiko eta Zarauzko udalek adierazpen instituzionalak onartu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Azpeitian, atzo egindako udalbatzarrean aho batez onartu zuten testua EH Bilduk eta EAJk. Azkoitian, berriz, joan den otsailaren 22ko udalbatzarrean Emakumeen Egunari lotutako testu bana aurkeztu zuten EAJk eta EH Bilduk. EH Bildurena ez zenez onartu, koalizioko kideek EAJren testuaren aldeko botoa eman zuten. PSE-EEk ere jeltzaleen testuaren aldeko boza eman zuen, eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen. Gaur goizean irakurri dute testua EAJren Udal Gobernuko kideek. Zarautzen ere gaur irakurri dute adierazpen instituzionala udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako ordezkariek. Honako hau da Azpeitiko Udalaren adierazpen instituzionala: "Gaur martxoaren 8a da, Emakumeon Nazioarteko Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da. Azken urteetan pairatzen ari garen krisi gordinak gogor kolpatu du jendartea, baina bereziki emakumeek pairatu dituzte aurrera eraman diren politika ekonomikoak. Egoera orokor honetan, emakumeen eskubideen alorrean emandako atzerapausoak handiagoak izan dira, eta berdintasuna lortzetik urrunago gaude gaur: lana eta enpleguaren arteko desoreka, emakumeen enpleguaren prekarizazioa, dependentzia legearen aplikazio atzerakoia, indarkeria matxistaren areagotzea, eraso sexisten egunerokotzea, neo-matxismoaren indartzea... eta larriagoa dena, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortuta dagoenaren uste okerra. 2017ko martxoak 8an, Azpeitiko Udalak argi esan nahi du, bestelako ustea zabaldu nahi baldin bada ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan ikaragarria dagoela egiteko aurretik eta bide horretan urratsak eman behar ditugula. Hitzetatik ekintzetara pasatu bahar dugu, eta neurri horiek abian jartzeko konpromisoak hartu behar ditugu instituzio guztietan. Horregatik guztiagatik Azpeitiko Udalak konpromisoa hauek hartu nahi ditu:
  • Udaletik bultzatzen ditugun berdintasunerako politika publiko guztiak mantentzea eta indartzea.
  • Berdintasuna lotuta dagoenaren ustearekin amaitzeko sentsibilizazio kanpainak lantzea bereziki gazteeekin.
  • Azpeitiko herritarren denboraren erabilera aztertzeko proiektu berri bat martxan jartzea. Herritarren parte hartzearekin, Azpeitiko emakume eta gizonen denboraren erabilera sozialari buruzko diagnosia egitea.
  • Martxoaren 8a aldarrikapen eguna izanik, Azpeitiko Udaleko ordezkariak herriko eragileek deituak dituzten mobilizazio eta ekimenetan parte hartuko dugu.
  • Azpeitiar guztiei dei egiten diegu mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera, bereziki gaur, hilak 8, Emakumeen Mahaiak 19:00etarako deitu duen elkarrateratzera."
Honako hau, berriz, Azkoitiko Udalarena: ""Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete". Hori jaso zuen Inger Lingek Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren 31. saioan aurkeztutako txostenean. Kongresua urriaren 20an egin zen, eta emakumeen tokiko eta eskualdeko parte-hartze eta ordezkaritza politikoari buruzkoa izan zen.
Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da. Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunean horrelaxe baieztatzen da, eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan. Neurri horien artean, Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen 23. artikuluak xedatzen duenez, "euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte". Aipatutako Lege horretan, profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatuari buruz hitz egiten da. Horretarako, zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurrien arabera dagozkien diru-laguntzak egokitu ahal izango dituzte, eta ezin izango diete inolako laguntzarik eman hautaketa-prozesuan edo lan-jardunean sexua dela-eta bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei. Udalgintzan, EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere. Euskadin gehiengoa duten sindikatuen artean, batean soilik dago emakume bat Idazkari Nagusi; era berean, Euskadin egoitza duten erakunde finantzarioetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk, eta erabakitzeko organo garrantzitsuenetan %22,6 soilik dira emakumeak. Elkarteetako emakume eta gizonen parte-hartzeari buruzko ehunekoei dagokienez, generoko ezberdintasun nabaririk izan ez arren, tradizioz rol femeninoa duten elkarteetan gehiago dira emakumeak: hezkuntza, erlijio, garapenerako lankidetza eta gizarte-laguntzako elkarteetan. Kirol, politika, sindikatu, lanbide, arte eta herritarren esparruko elkarteetan, aldiz, nagusitasun txikiagoa dute. Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan. Egoera horren jakitun, Azkoitiko Udalak Europako txostenaren gomendioak eta Emakumeek eta Gizonek Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu, baita emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere. Gainera, honako puntu hauek betetzeko konpromisoa hartzen du: 1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea, betiere, sexu batek ere ez dezan izan %40tik beherako ordezkaritza (emakumeen parte-hartzea sustatzeko egitura espezifikoetan izan ezik).-
  • Zenbait mekanismo ezartzea, hautatutako emakume ordezkariak eskumen-banaketa edo funtzio-esleipen estereotipatuen edo bestelako diskriminazio- edo jazarpen-moduen eraginpean izatea eragozteko.
  • Parte-hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ordutegien eta lan-metodoen eta herritarrei laguntzeko sistemen bidez.
  • Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea, itxura sistematikoa emateko, tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horren araberako neurri zuzentzaileak ezartzeko.
  • Emakumeen parte-hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea, hala nola, emakumeen etxeak, jabekuntza eskolak edo udal berdintasuneko kontseiluak, eta, besteak beste, emakume hautetsientzako ‘Virginia Woolf Basqueskola’ jabekuntza-eskolako programan parte har dezaten ahalbidetzea.
2. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan, batez ere, gutxiengoen taldeko kideak diren emakumeei dagokienez.
  • Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzea.
3. Udaletako berdintasun sailetan eta gainerako udal sailetan neurri horiek gauzatu ahal izateko baliabide nahikoak jartzea." Honako testu hau irakurri dute Zarauzko Udaleko alderdi guztiek gaur goizean: "Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete”. Hori jaso zuen Inger Lingek1 Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren 31. saioan aurkeztutako txostenean. Kongresua urriaren 20an egin zen, eta emakumeen tokiko eta eskualdeko parte-hartze eta ordezkaritza politikoari buruzkoa izan zen.
Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da. Emakumeen eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako Europako Gutunean horrelaxe baieztatzen da, eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan. Neurri horien artean, Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen 23. artikuluak xedatzen duenez, “euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte”. Aipatutako Lege horretan, profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatuari buruz hitz egiten da. Horretarako, zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurrien arabera dagozkien diru-laguntzak egokitu ahal izango dituzte, eta ezin izango diete inolako laguntzarik eman hautaketa-prozesuan edo lan-jardunean sexua dela-eta bereizkeria eragiten duten elkarteetab edo erakundeetan.
Udalgintzan, EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere. Euskadin gehiengoa duten sindikatuen artean, batean soilik dago emakume bat Idazkari Nagusi; era berean, Euskadin egoitza duten erakunde finantzarioetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk, eta erabakitzeko organo garrantzitsuenetan %22,6 soilik dira emakumeak. Elkarteetako emakume eta gizonen parte-hartzeari buruzko ehunekoei dagokienez, generoko ezberdintasun nabaririk izan ez arren, tradizioz rol femeninoa duten elkarteetan gehiago dira emakumeak: hezkuntza, erlijio, garapenerako lankidetza eta gizarte-laguntzako elkarteetan. Kirol, politika, sindikatu, lanbide, arte eta herritarren esparruko elkarteetan, aldiz, nagusitasun txikiagoa dute. Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan. Egoera horren jakitun Zarauzko Udalak Txosten europarreko gomendioak eta Emakumeek eta Gizonek Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu, baita emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere, honako honetarako konpromisoa hartzeaz gain: 1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea, betiere, sexu batek ere ez dezan izan %40tik beherako ordezkaritza (emakumeen parte-hartzea sustatzeko egitura espezifikoetan izan ezik). 2. Zenbait mekanismo ezartzea, hautatutako emakume ordezkariak eskumen-banaketa edo funtzio-esleipen estereotipatuen edo bestelako diskriminazio- edo jazarpen-moduen eraginpean izatea eragozteko. 3. Parte-hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ordutegien eta lan-metodoen eta herritarrei laguntzeko sistemen bidez. Horrekin lotuta, Udalak bere konpromisoa berresten du esparru publikoan zein pribatuan murrizketek emakumeengan eragin dituzten ondorio kaltegarriak ikusarazteko jendarteratze lanari eusteko eta hori saihesteko neurriak hartzeko.
4. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea, itxura sistematikoa emateko, tokiko esparruan emakumeen parte- hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horren araberako neurri zuzentzaileak ezartzeko. 5. Zarauzko Udalak emakumeen etxea sortzeko konpromisoa berresten du, eta emakumeen parte-hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzen jarraituko du, hala nola, jabetze-eskolak eta/edo berdintasuneko udal kontseiluak, eta, besteak beste, emakume hautetsientzako ‘Virginia Woolf Basqueskola’ jabetze-eskolako programan parte har dezaten ahalbidetuko du. 6. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan, batez ere, gutxiengoen taldeko kideak diren emakumeei dagokienez. Udalaren konpromisoa da Zarauzko bizitza sozioekonomiko eta kulturalean emakumeen parte-hartzea bermatuko duten proiektuak martxan jartzea. 7. Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzea. 8. Udaletako berdintasun sailetan eta gainerako udal sailetan neurri horiek gauzatu ahal izateko baliabide nahikoak jartzea. Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa indartzeko xedez, alderdi politikoei eskaera egiten diegu konpromiso hauek beren gain har ditzaten eta beste eragile politiko eta sozialentzat ereduzkoak diren neurriak har ditzaten."
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide