Zarauzko Gazte Zerbitzua definitzeko bilera egingo dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 3a

Etxezabalako bilera gelan izango da saioa, 10:00etatik 13:00etara. Bertan, orain arte ateratako ondorio guztiak aztertu eta 18-30 urte bitarteko zarauztarrentzat etorkizuneko aholkularitza gunea nolakoa izatea nahi duten definituko dute parte-hartzaileek.

Gazte Zerbitzu berria sortzeko prozesua aurrera doa, eta jada hirugarren fasean murgilduta dago, proiektuaren une erabakigarrian. Hainbat gazte dabiltza etorkizuneko gunea zehazteko eta diseinatzeko lanean, eta bihar goizean bilera berri bat egingo dute, guztien artean prototipo bat sortzeko. Horretarako, gazteak bilerara bertaratzea ezinbestekoa izango dela adierazi dute udaletik. Proiektuan murgilduta dagoen gazte motorrak "momentu garrantzitsua" dela nabarmendu du, eta 18-30 urte bitarteko zarauztarrak gonbidatu ditu hitzordura, "gazteen beharrei egokitutako etorkizuneko zerbitzua guztiok alea jarriz definitzeko". Otsailaren 11n egin zuten hirugarren faseko lehen bilera, eta, bertan, gazte talde motorrak, prozesuko teknikari arduradunekin batera, gai ezberdinen inguruko hainbat ekarpen egin zituzten: besteak beste, lanaren inguruan, esaterako, lana lortzeko ikastaro bereziak antolatzeko eta lana bilatzeko baliabideak ezagutarazteko proposamena luzatu zuten; co-working espazio bat ere nahiko lukete, etxetik lan egiten duenarentzat leku komun bat izateko eta baliabideak partekatzeko; etxebizitzari dagokionez, adibidez, bigarren etxebizitza dutenen eta Zarautzen bizi nahi dutenen artean harremanetan jartzeko plataforma bat sortzeko ekarpena egin zuten. Biharko bileran orain arte ateratako ondorioak aztertuko dituzte eta aholkularitza gunea izango den Gazte Zerbitzua nolakoa izatea nahi duten definituko dute parte-hartzaileek. Saioa 10:00etatik 13:00etara izango da, Kale Nagusiko Etxezabala eraikineko bilera gelan. Hurrengo bilera hilaren 25ean izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide