Gaizka Garitano: "Erori, jaiki eta aurrera"

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 28a

Gaizka Garitano Valladolidek bota zuen kalera aurreko sasoian, eta Deportivon ireki diote atea orain. Emaitzek eman zioten sona Eibarren, eta emaitzek kendu diote. Ezinbestean, prestigioa galduko du entrenatzaileak. Aitor Manterolak egin du erreportajea BERRIArako.

(Argazkia: RC Deportivo de La Coruña) Futbola antolatua dagoen bezala, ez du gupidarik. Entrenatzaileak jipoitzen ditu gehien. Edozein talde emaitza txarrak izaten ari bada, aulkira begiratzen dute lehendabizi denek. Horra joaten zaie begirada agintariei, kazetariei, zaleei eta baita jokalariei ere, kasu askotan. Futbolean urte askoan dabilenez, ondo zekien egoera horren berri Gaizka Garitanok entrenatzaile hasi zenean 2010ean. Baina burutik kendu ere kenduko zitzaion, agian, Eibarreko lehen taldean egindako aurreneko bi denboraldietan: Bigarren Mailara igoera aurrenekoan, eta Lehen Mailara bigarrengoan. Bi igoera elkarren segidan. Emaitzen diktadurapean jarria dago futbolaren munduan, eta entrenatzaileen lepoak mozten dituen aizto zorrotza ez zen ageri Garitanoren inguruan orduko hartan. Baina ez dago munduan entrenatzailerik lepoarena egin ez diotenik. Ia oharkabean jartzen zaie batzuetan gorputzetik kanpo. Ez du baliorik lehen emaitza paregabeak lortu izanak, orain onak ez badira. Kalera azkar. Horixe egin diote Garitanori azken bi denboraldietan. Eibarretik joan edo bidali ondoren—ez zuela jarraituko iragarri ondoren, Lehen Mailan jarraitzeko klausula zeukan, baina klubak ez zuen erabili—, Valladolidek fitxatu zuen aurreko denboraldian, Bigarren Mailan. Gutxi iraun zuen, urriaren 21ean kaleratu zutelako. Lehen Mailara itzultzeko aukera eman zion Coruñako Deportivok udan, baina zortzi hilabeteren buruan, kaleko atea ireki zioten herenegun. Bost partida irabazi ditu, bederatzi berdindu eta hamahiru galdu, ligan eta Kopan. Emaitzen diktaduraren futbolean, babes ederrean egon zen Eibarren, hori lortzeko gai izan zelako, baina orain, beste bat gehiago bilakatu da. Beste era batera esanda, prestigioa galtzen dute entrenatzaileek kanporatuak izatean, emaitza txarrak, entrenatzaile txarra binomioa oso hedatua dagoelako iritzi publikoan eta futboleko zoko guztietan. Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide