Gazteek jarritako helegitea atzera bota dute.
Euskal Jai Egunean, Ertzaintzak herriko 5 gazte identifikatu zituen Zubietako errauste plantaren aurkako kartelak jartzeagatik, eta 100na euroko isuna jarri zien Zarauzko Udalak. Horren aurrean, zigor espedientea erretiratzeko eskatuz helegitea aurkeztu zuten gazteek udaletxean, azaroaren 24ean. Orain, helegite hori bertan behera geratu dela jakinarazi dute gazteek. «Legea argia dela esan digute errekurtsoaren ez onartze agirian, eta hala izango da. Baina nahiz eta duela bi agintaldiko legea izan, lehen aldiz izan da aplikatua Bide publikoaren erabilera eta garbiketa nahiz hiri paisaiaren zaintza arautzeko ordenantza»,nabarmendu dute.
Haien arabera, ordenantza hori «oso zabala» da, eta «ohikoak diren jarrerak zigortzen dira, ez-politikoak». «Orain arte zigor bakar bat ere jaso ez duten jarrerak», zehaztu dute. Ohartarazi dute eurek informazio politikoaren banaketa egin zutela, errauste plantaren ondorio negatiboen inguruko kartelen bidez eta panel urdinetatik kanpo. «Besterik pentsatu nahiko genukeen arren, uste dugu Zubietako errauste plantaren aurkako mezuak zirelako zigortu gaituztela. Hau da, haien ekinbideak motibazio politikoa duela».
Zigorra jaso duten gazteek nabarmendu dute «bizi garen ingurunearen garbitasunak, etorkizunak eta hiri paisaiaren zaintzak kezkatzen» dituela, eta horregatik plazaratu zutela euren kezken inguruko informazioa, «errespetuz, indarkeriarik gabe eta giro onean».