Ibon Illarramendi, Aitor Frantzesena, Markel Olano eta Denis Itxaso. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Aitor Frantzesena
Gallo surflariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia jaso du gaur, ostirala, aldundiko Jargi aretoan. Joan zen abenduaren 11n irabazi zuen zarauztarrak
munduko surf egokituko txapelketa, eta horregatik eta "kirola egiten ari zela izandako istripuaren ondorioz ikusmena galdu ostean egin duen ibilbideagatik" egin diote errekonozimendua. Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, Frantzesenak ikusmena galdu zuen gehien gustatzen zitzaiona egiten: "Hala ere, ezbeharrei aurre egiten jakin zuen, eta eliteko kirolari ibilbideari ekin zion. Horrexek ematen dizkio ilusioa eta aurrera egiteko indarra".
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Frantzesenaren jarrera txalotu du: "Gehienok hartuko genukeen gertakari hori tragediatzat, kirolari ibilbidearen amaieratzat. Aitorrek, ordea, aro berri bati ekin zion ezbeharraren ondoren, ez zion amaierarik eman eliteko kirolari ibilbideari; alderantziz, dimentsio berri bat hartu izanak eman dizkio ilusioa eta aurrera egiteko indarra. Hainbesteko ilusioarekin eta indarrarekin goia jo du Aitorrek, eta munduko surf egokituan txapeldun izatera iritsi da".
Frantzesenak Kirolgi Fudazioaren kirolarientzako programan parte hartuko du, eta 2017ko nazioarteko probetarako laguntza jasoko du. "Bere parte hartzearen bidez, Gipuzkoaren irudia emango du mundu osora", azaldu dute aldundiko kideek.