Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iaz Bilboko, Gasteizko, Iruñeako, Leioako, Zarauzko eta Hendaiko udalek; Lapurdiko Errobiko Mankomunitateak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak Karrikan plataforma sortu zuten, Pirinioen bi aldeetan kaleko arte eszkenikoen sorkuntza lanak bultzatu eta laguntzeko.
Hala, diru laguntza lerro bat zabaldu zuten, eta babes teknikoa eman nahiz aurten sustatzaileen herrietan antolatuko dituzten jaildi handietan proiektua emateko konpromisoa hartu zuten. Zortzi proiekturen artean, Eva Guerrero dantza konpainiaren El fin de las cosas lana aukeratu dute lehenbiziko ekitaldirako, haren originaltasuna, planteamenduaren beharkizun artistikoa eta proiektuaren bideragarritasunagatik.
Ondokoa eskuratu du irabazleak: 14.500 euro, hiru sorkuntza egoitzetan egoteko laguntza, administrazio aholkularitza eta hainbat jaialditan eskaintzeko aukera, tartean, Kalerki nazioarteko kale antzerki topaketetan. Nekane Iribar Kultura zinegotziak irabazleak zoriondu ditu eta nabarmendu du Kalerkin ere pieza hori gozatzeko aukera izango dela.
Bigarrena, udaberrian
Jakinarazi dutenez, El fin de las cosas dantza garaikideko lana oraindik sorkuntza fasean dago, eta, besteak beste, konpasa galtzea, kasualitateak eta erritmo aldaketaren egoeran bizi diren mutil baten eta neska baten patua ditu oinarrian. Garazi Lopez de Armentia eta Aritz Lopezek antzeztuko dute, eta aurreratu dute maiatzaren 20an estreinatuko dutela, Hendaiako Mai du Theatre jaialdian.
Karrikanen bigarren ekitaldirako deialdia udaberrian egingo dute, eta zuzeneko ikuskizunen diziplina oro onartuko dituzte: antzerkia, dantza, zirkua eta hainbat diziplina nahasten dituztenak, kasu. Testurik gabeko edo euskarazkoak dituzten lanak izango dute lehentasuna.