Akordiorik gabe, kiroldegiko langileek aurrera jarraituko dute ostegun eta ostiraleko grebekin

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 15a

Udal Gobernuko kideekin biltzartu ziren atzo, baina ez dira konponbide batetara iritsi. Aitzitik, pleguak argitaratzera bidali dituztela jakinarazi zieten udal ordezkariek, langileen eskakizunak "kontuan hartu gabe". Datozen bi egunetarako mobilizazioak deitu dituzte, ELA sindikatuaren babesarekin.

Kiroldegiko langileek otsailaren 2an eginiko elkarretaratzea, lanuztearen ondoren. (Aritz Mutiozabal) Udal Gobernuko arduradun Jesus Aranak eta Iban San Martinek deituta, bilera izan zuten atzo arratsaldean eta bertan izan ziren kiroldegiko langileen ordezkariak eta Baleako nahiz BXPxporteko arduradunak. ELAko Urola Kostako ordezkari Janire Diazek jakitera eman duenez, bileran langileen jarrera mahai gainean jartzen saiatu ziren, eta uste zuten "bilera horretan konponbide bat emango" zietela. Bilerara "itxaropenarekin" eta "gogotsu" joan zirela dio, elkarrekin biltzeko deia "albiste ona" zelako, baina ez zela hala suertatu. "Bertan jakin genuen pleguak onartuta eta argitaratzera bidalita daudela, guri galdetu gabe. Azken pauso hori eman dute gurekin inolako kontrasterik egin gabe, jakin badakitenean duela zazpi-zortzi hilabetetatik gure eskakizun nagusia dela langileen lan baldintzak bermartuko dituen hitzarmen kolektiboa plegutan jasota gelditzea". Beren eskakizunak "kontuan hartu gabe" eta "hitzarmen kolektiboa zein den finkatu gabe" pleguak argitaratzea "oso larria" dela nabarmendu du ELAko ordezkariak. Udal arduradunek azaldu zietenaren arabera, pleguetan ondorengoa zehazten da: kiroldegiaren ardura hartzen duen enpresa berriak aplikatu beharko duela momentu horretan indarrean dagoen hitzarmena. "Espainiako izan liteke edo Gipuzkoan dagoen beste hitzarmen bat, gaur egungoa baino baldintza okerragokoak", adierazi du Diazek. Bere hitzetan, "guztiz irekita utzi dute klausula hori, eta langileen lan baldintzei begira oso kaltegarria da". Jarraitu irakurtzen zarauzkohitza.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide