Hainbat berritasun izango ditu aurtengo Pagoeta Mendi Lasterketak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2017ko otsailaren 10a

Apirilaren 30erako antolatu dute mendiko proba. Aurten bi ibilbide izango ditu: bata, nagusia 21 kilometrotakoa, eta bestea, mistoa 7,5 kilometrokoa. Izena ematea zabalik dago dagoeneko.

Iaz Pagoeta Mendi Lasterketan bi korrikalari maldan gora. (Aritz Mutiozabal) Iaz hartu zuen Salbatore Mitxelena Ikastolako guraso talde batek Pagoeta Mendi Lasterketa antolatzearen lekukoa, eta aurten ere ardura horri eutsiko diote. Hainbat aldaketa izango ditu aurtengo probak. Batetik, data bera: datorren apirilaren 30ean jokatuko dute, aurreko urteetan baino lehenago. Izan ere, maiatza inguruan jokatu ohi zuten proba orain arte. Bestetik, bi ibilbide izango dira aukeran. Ohiko lasterketari, nagusiari, beste bat gehitu diote: mistoa. 7,5 kilometro izango ditu, eta bikoteka egin beharko da. Lasterketa nagusia ere moldatu egin dute, luzatu. 21 kilometro korritu beharko dituzte parte-hartzaileek. Hala ere, oraindik ez dituzte bi lasterketetako ibilbideen xehetasunak jakinarazi. 10:00etan hasiko dute lasterketa nagusia, eta ordu laurden geroago mistoa, 10:15ean. Izena ematea zabalik dago Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena proba mistoan nahiz nagusian, kirolprobak.com plataformaren bitartez. Ehun parte-hartzaileetara mugatu dute lasterketa mistoa eta 300 lagunetara nagusia. Txipa izanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira mistoan parte hartzeko, eta txipa alokatu behar izanez gero, berriz, 17 euro. Nagusian izena emateko, 20 euro ala 21 euro ordaindu beharko dira, txipa izanda edo txipa alokatu behar izanez gero, hurrenez hurren. Apirilaren 28ra bitartean eman daiteke izena mistoan eta egun bat lehenagora arte nagusian. Aian eta Orion Martxoaren 5ean eta 12an Aiako eta Orioko mendi lasterketak jokatuko dira hurrenez hurren. Dagoeneko zabalik dago bi probetan izena emateko epea. Aiako VI. Mendi Lasterketak 15 kilometro izango ditu, eta parte-hartzaileek Aiako mendi eta basoak zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar. 10:30ean hasiko da proba. Bestalde, Orioko VII. Mendi Lasterketak 21 kilometro izango ditu, eta 09:30ean hasiko da. Lasterketetan parte hartu nahi dutenek, Kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena, eta bertan jaso dezakete informazio zehaztua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide