Idoia Malo: "Jende gazte asko dator atzetik; haiengatik aurrera segituko dugu"

Aritz Mutiozabal 2017ko otsailaren 2a

Idoia Malok urteak daramatza errugbi taldeko zuzendaritzan buru-belarri lanean. Ostiraleko Kirol Sarien ekitaldian Kirola Bizi saria emango diote; Modelon izango da, 19:00etatik aurrera.

Idoia Malo Astiko errugbiko zelaian. (Aritz Mutiozabal) Idoia Malo duela bi hamarkada baino gehiago murgildu zen errugbi munduan, Iñigo Zabalak bultzatuta. "Nesken talde bat osatu nahi zuen eta hasi zen konbentzitzen. Lortu zuen taldea, eta hala hasi nintzen errugbian jokatzen". Gerora, ordea, desagertu egin zen hainbat arrazoi medio: amatasuna dela, bikotea dela... Hori dela eta, Donostialdeko talde batekin hasi zen , baina horrek ere ez zuen iraun. Baina Malori mundu hori gustatu egiten zaionez, bertan geratzea erabaki zuen, laguntzen.  Egun zuzendaritzako kidea da zarauztarra. "Tirriki-tarraka, azkenean konturatzerako 20 bat urte egin ditut  lanean, gustatzen zaidalako". Horregatik, "sorpresaz" jaso du kirol boluntariotzaren saria, "ilusioz". "Sekula ez nuen pentsatuko. Harrituta geratu nintzen jakinarazi zidatenean. Izan ere, isilik egiten den lan bat da. Nik gustura egiten dut, gogoz, bizitza asko ematen baitit errugbiak". Hala ere, gogoratu du beraz aparte "atzetik jende asko" dagoela: "Jende asko dago babesleak lortzen, haur txikiekin lanean, jokatzen, asteburuak sakrifikatzen... Guztia taldea aurrera ateratzeko". Horregatik saria beretzat soilik ez dela dio; bere inguruko guztiei eskaini die aitortza hori. Erreportaje osoa Zarauzko Hitzaren webgunean irakur daiteke. Gainera, Maite Lizasok eta Aitor Urbitarte Txangurrok ere sari bana jasoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide