Zarauzko Adinekoen Mahaia osatzen duten kide batzuk. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)Zaa Urtebete da udaleko talde politikoek, teknikariek eta herriko askotariko elkarteek Zarautzen Adinekoen Mahaia martxan jarri zutela, eta ordutik «lan handia» egin dute adinekoi begira. Hilero egiten biltzen da taldea hainbat lanketa egiteko, bigarren asteko asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara, Ongizate zerbitzuan. Zentzu horretan, 2017a ere urte "bizia" izan da, berrikuntzaz betea, Miren Letamendia Hirugarren Adinekoen zinegotziaren arabera. Batetik, hilero hitzaldiak antolatzen hasiko da Bigarren Adinekoen Mahaia. Hala, otsailaren 1ean, datorren asteazkenean, Felix Zubia medikuak artrosia, artritia eta hezurretako minez jardungo du, 19:00etan Modelon. Martxorako, berriz, hirugarren adinari eta sexuari buruz jardungo dute bertaratzen direnek Aitziber Estonba sexologo eta Zarauzko Sexu Aholkularitza Zerbitzuko arduradunarekin. "Mahai gainean hainbat gai ditugu eta aurrerago jakinaraziko ditugu gainontzeko hitzorduak". Gainera, aurten mahai horrek hartu du Erretiratuen Astea antolatzeko ardura, udalaren laguntzarekin. Urrian izango da, eta orain arteko ekitaldiez gain—bingoa eta musa, besteak beste— askotariko ekintzak ere izango direla aurreratu du. Ekitaldi horiek guztiak herriko elkarte nahiz norbanakoen parte hartzea bultzatzeko egingo dituzte. Besteak beste, Iñurritza, Nagusilan, Udaberri, Duintasuna eta Afagi elkartekoek hartzen dute parte Zarauzko Adinekoen Mahaian, eta Letamendiak jakinarazi du "lan handia" ari direla egiten guztiak elkarrekin, eta hala jarraitzeko eta gogoa dutela. Hala, zarauztar guztiak hitzaldietara bertaratu eta nahi duen orok hileroko dinamiketan parte hartzera gonbidatzen dituzte.