50 bat lagunek hartu dute parte elikadura emozionalaren inguruko hitzaldian

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 23a

Beste bi saio izango dira datozen larunbatetan. Interesa dutenek prebentzio sailean eman beharko dute izena.

Elikadura eta emozioen inguruko zikloko lehenbiziko saioa, Zarauzko kiroldegiko areto nagusian. Prebentzio sailak Elikadura eta emozioak, haurtzarotik janariarekiko erlazio egokia sortzeko estrategiak zikloa antolatu du eta larunbatean izan zen lehenbiziko saioa. Bertan, Mireia Centeno psikologoak elikadura emozionalaren inguruko hitzaldia eskaini zuen, besteak beste, janaria emozioak asetzeko erabiltzearen inguruan, janariak beste zerbait ordezkatzeari buruz eta emozioak azaldu eta onartzearen garrantziaren inguruan.  50 bat lagun bildu ziren lehenbiziko saio horretan, eta balorazio ona egin dute. "Hitzaldi hauen helburua, elikadura emozionala deritzogun hori zer den irakasteaz gain, horri aurre egiteko eskuhartze psikologiko eta nutrizionala helaraztea da, baina baita aurre hartzeko estrategiak eskaintzea ere”, nabarmendu du Prebentzio zinegotzi Miren Letamendiak. “Gaiak ondo aukeratu ditugu, interesa sortu dutela ikusi dugu eta datozen asteetan aurreikusita ditugun hitzaldietan ere aretoa betetzea espero dugu”. Urtarrilaren 28an izango da bigarrengoa, eta bertan Alazne Agirrezabalaga nutrizionistak Elikadura emozionala saihesteko aspektu nutrizionalak emango ditu. Hirugarren eta azkenengo hitzorduan Centeno eta Agrirrezabalaga elikadura emozionalaren prebentzioaren inguruan ariko dira, haurtzarotik janariarekiko harreman egokia sortzen laguntzeko. Hitzaldiak goizez dira, 11:00etan kiroldegiko areto nagusian. Aurrez izena eman beharko da Prebentzio zerbitzuan, Zigordia kaleko 33. zenbakira joz, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatziz edota 943-005127 telefonora deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide