Garoako kideak (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
2017. urtea "garrantzitsua" dela nabarmendu dute Garoako Imanol Agirrek eta Oier Arantzabalek, hain zuzen ere, lortu dutelako bi denden arteko oreka. Donostikoa landatu berria da, Zarauzkoaren espora da, hiru urte ditu. Zarauzko dendak, berriz, 46 urte dauzka. "Lehenbiziko urtea esfortzuarena izan zen, bigarrengoa konfirmatzeko eta hirugarrengoa maila mantentzeko", adierazi du Arantzabalek. Hori ere erronka "handia" dela diote.
Mantentze horretan, Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin akordi batera heldu dira. Kultura sailak laguntza eskainiko dio Garoari "Paperezko ekimenak antolatzen jarraitzeko arnasa izan dezan". "Oso gustura gaude. Izan ere, bazterreko kultur antolatzaileek egiten dute herri bizia eta udalak ongi baloratu du hori", nabarmendu du Arantzabalek.
Hala, orain arteko dinamikarekin jarrituko dute Paperezkoek. Batetik, Paperezko kontzertuak izango dira, eta bestetik, irakurle taldeak: Paperezko lagunak eta Amigas de papel. Kontzertuei dagokionez, urtarrileko azken asteburuan Izaro mallabiarra izango da bi Garoatan: urtarrilaren 27an Donostiakoan, 20:00etan, eta urtarrilaren 28an Zarauzkoan, 12:30ean.
Otsailaren 24ean eta 25ean Aitor Gorosabel izango da Donostiako eta Zarauzko dendetan, hurrenez hurren, ordutegi berean. Martxoaren 31ean eta apirilaren 1ean, berriz, nazioarteko artista baten bisita jasoko dute: Elliott Murphyrena. Berrikuntzei dagokionez, Joseba Martinek egingo ditu aurkezle lanak. Garoako ordezkariek jakinarazi dutenez, Martinek "ongi ezagutzen" ditu hiru artistak, eta saio "paregabeak" izango dira.
Kontzertuetarako sarrerak Garoan daude salgai, bakoitza 10 euroan.