Txakolin uzta berria aurkeztu dute gaur eguerdian Getarian

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 17a

Aitor Frantzesenak hitza hartu du txakolin uzta berriaren aurkezpenean. (Aiora Larrañaga/Hitza) San Anton Egunean txakolin uzta berria aurkeztu ohi dute Getarian, eta aurten ere gorriz markatuta zuten askok gaurko eguna. Eguerdian txakolin uzta berriaren aurkezpena egin dute Getariako frontoian, eta surf egokituko munduko txapeldun Aitor Frantzesena Gallo, eta Luis Irizar Sukaldaritza Eskola omendu dituzte, Mahasti Jaun izendapenarekin. Bertan izan dira omenduak, eta biek Getariako Txakolina jatorri izenari eskerra eman dizkiote, beren lana aitortzeagatik. Aitor Frantzesena izan da hitza hartzen lehena, eta Getariako Meaga auzoko baserri batean jaio zela aitortu du. "Niretzat oso egun berezia da gaurkoa. Nik garrantzi handia ematen diot lanari, eta beti esaten dut lana eginda edozer lortu daitekeela bizitzan. Getariarrek txakolina mundu osoan ezagutzeko lan handia egin dute, eta hainbeste lan egin duten horiek nire ibilbidea aitortu izana ohorea da niretzat", adierazi du. "Aupa Getaria eta Aupa Getariako Txakolina" esanez amaitu du Frantzesenak, bertaratu diren txalo zaparrada artean. Luis Irizarrek Aitor Frantzesenaren "kemena eta indarra" nabamendu ditu lehenik eta behin, bere mintzaldian. Ondoren, Getariaren balio gastronomikoa izan du hizpide Irizar sukaldariak. "Munduan zehar ezagunak dira Getariako jatetxeak eta Getariako Txakolina. Eboluzio handia eman du txakolinak azken 30 urtetan. Garai hartako txakolinak hori kolorea zuen, eta nahiko gogorra zen ahoan. Gaur egungo txakolina berriz, oso ardo ederra eta leuna da. Bilakaera hori getariarrek egindako lanari esker gertatu da", adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide