1982an Eskolarteko Txapelketa irabazteko zoria izan nuen, eta berehala hasi nintzen bertsolari sentitzen: "Nik bertsolari izan nahi diat". Eta horri eman nion lehentasuna. Eta bai, 15-16 urterekin bertsolari sentitzen hasi, eta iruditzen zait sentipen horrekin hilko naizela. Bertsolari izatea sentimendu bat da, nortasun zeinu bat; ni bertsolaria naiz, edozein egoeratan bertsoa kantatzeko kapaz naizelako, hasteko. Eta beste alde batetik, hainbat egoeratan, oraindik ere, bertsoak irteten zaizkidalako, eta nire adierazpide artistiko nagusia bertsoa delako; eta neure baitan bakarrizketan ari naizenean askotan bertsotan ari izaten naizelako: autoan orain ere kilometro asko egiten ditut; lehengo astean egin nizkion 100.000, eta oraindik bi urte pasatxo ditu. 100.000 horietatik bakarrik egindako milaka kilometrotan joan naiz bertsotan. Eta, horrez gain, gure seme-alabetako zaharrena oso-oso bertsozalea da, eta hark ere txiki-txikitatik eman dizkit horretarako bideak eta erraztasunak; elkarrekin pilota partidetara gindoazela, autoan sartu orduko: "Aitta, jarri puntua!". Eta lagun artean, ospakizunetan-eta ere kantatzen dut. Plazak... aurten egin ditut hiru edo lau, baina normalean plaza bakarra egiten dut. Baina bertsolari sentitzen naiz, bertsolaria naiz. Zalantzarik gabe.
Aurtengo saio horietako bat Apotzagan egin duzu berriki; bateren batek pentsatuko zuen: “Euzkitze bueltan da”.
Ez, ez, ez. Nik oso garbi esan izan dut, horrelako saioak egiten ditudanean, salbuespen saioak direla, eta hau ere horrela izan zen. Apotzagako sanmigeldarrak, bizpahiru anaia, ari zitzaizkidan duela pare bat urtetik: "Hi, hainbeste urte dituk Apotzagara etorri ez haizela eta... Erretiratuta egongo haiz, baina han giro ederra egoten duk eta, etorriko al hintzateke bertso-afari batera?". Eta nik: "Hitz egingo diagu, hitz egingo diagu, egunen baten zergatik ez!". Beti gerorako kontuak aipatzen nizkien, baina aurten, San Migel egunez, normalean urtean egiten dudan saio bakarrean, haiek agertu ziren Zumaiako Artadi auzoan. Amets eta biok izan ginen aurten ere, han agertu ziren Apotzagako hiru sanmigeldar, emaztearekin pare bat eta alabarekin bestea: "Zer arraio egiten duzue zuek honaino etorrita?", galdegin nien. "Ba, heu fitxatzera etorri gaituk! Hik jarri eguna, bertso-laguna... baina bertso-afari batera etorri behar duk!". Eta halaxe. Sebastian Lizasorekin joatea pentsatu nuen; beti izan dut oso-oso bertso-lagun kuttuna, bertsotan erraz egiten du, baina egiteko bidea ere beti uzten du, beti oso erraz moldatu izan naiz harekin eta uste dut bikote gisa oso ondo funtzionatu izan dugula, eta hala izan ginen Apotzagan, bai.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Goiena-eus-en.