Asier Castro argazkilaria erdian; ezkerrean, Euskalduna tabernako jabe Felix Borda eta eskuinean, Ramon Serras argazkilaria (Aritz Mutiozabal).
Argazkian itsasargi bat agertzen da. Non ateratakoa da?
Denboraleekin-eta, argazkilarien artean nahiko modan dagoen itsasargi bat da. Santanderren (Kantabria, Espainia) dagoen Mouro islan dagoena, hain justu ere.
Argi dago denborale batean ateratakoa dela.
Bai, hala izan zen. Itsasargi horri argazkia baldintza onenetan ateratzeko Magdalena jauregi ingurura joan behar duzu, eta horretarako jauregiko zaintzailea nolabait engainatzea lortu genue. Beraz, jauregiko aparkalekuan autoa utzi ahal izan genuen, eta denboralea apur bat lasaitzen zenean, autotik atera eta argazkiak ateratzen genituen.
Orain saria irabazita, merezi izan zuen seinale, ezta?Zalantzarik gabe, merezi izan zuen argazkiak ateratzeko egun hartan pasatako hotzak, euriak eta guztia.
Lehiaketa irabaztea ezusteko izan al da zuretzat?Halaxe izan da, bai. Lehiaketa batean parte hartzen duzunean, loteriako dezimo bat erosten duzu. Kasu honetan, zenbakiekin jokatu beharrean, argazkiekin jokatzen duzu. Batzuetan zortea aldeko izaten da, eta besteetan, aldiz, ez. Zorionez, oraingo honetan aukeratua izan naiz, eta lehen saria erdietsi eman didate, gainera. Saria ezin hobe datorkit, une honetan langabezian nagoelako.
Lehiaketarako propio atera al zenuen argazkia?Ez, artxiboan nituen lau argazki aurkeztu nituen. Zailena izan zen jasota nituen argazki guztien artean hautaketa bat egitea, baina ikusi dut aurkeztu nituen guztiak aukeratu dituztela erakusketarako. Egia esan, aurkeztu nituenen artean, beste bat iruditzen zitzaidan niri irabazteko modukoa izan zitekeela, baina epaimahaiak bere irizpideak eta gustuak ditu, eta haientzako itsasargiarena hobe izan da.