Udal ordezkariak, merkatariak eta saridunak udaletxean. (Aritz Mutiozabal)
Aurten 25 saltokik parte hartu dute erakusleiho lehiaketan, iaz baino seik gehiagok. Transit dendak jaso du 600 euroko lehen saria Zarauzko Udalaren eskutik, eta Uhin dendak, berriz, Murkil elkarteak emandako 300 euroko bigarren saria eskuratu du.
Eguerdian egin dute sari banaketa ekitaldia Zarauzko udaletxean, eta bertan elkartu dira lehiaketan parte hartu duten saltokietako ordezkariak. Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak eman ditu ezagutzera sarituen izenak, eta, bide batez, eskerrak eman dizkie dendariei, erakusleihoekin "herria janzten" dutelako eta herriari "bizia ematen" dietelako.
Xabier Txurruka alkateak ere parte-hartzaileei eskerrak eman dizkie nahi izan ditu: "Badakigu nolako lana eskatzen duen, baina zer ilusio sortzen duen erakusleihoa jartzeak. Saria banatzen joan ahala, jende gehiago animatzen joango dela pentsatzen dugu, aurten gertatu den bezala. Ea datorren urtean gehiago garen eta herria dotoretzen dugun". Era berean, herritarrak herrian kontsumitzera bultzatzeko udalak abian jarritako kanpaina berria aipatu du.
Epaimahaia honako herritar hauek osatu dute: Artezaleakeko Karmen Agirretxek, iazko irabazle Optika Zarautzeko kideek, Murkil elkarteko ordezkari batek eta Ixidor Larrañagak zinegotziak.
Sari banaketa ekitaldiko irudiak Zarauzko Hitzaren webgunean ikus daitezke.