Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uxue Alberdik idatzi ditu 'Zirkorrika' abestiaren hitzak eta Xabier Zabalak jarri die haiei doinua. Ekain Ibarguren azpeitiarra eta Koldo Arakistain zarauztarra ere ageri dira bideoklipean malabareak egiten.
[embed]https://www.youtube.com/watch?v=rujechHlH6s[/embed]
Gaur aurkeztu dute 20. Korrikaren abestia eta bideoklipa Iruñeko Kondestablearen jauregian. Otxandion hasiko da Korrika martxoaren 30ean, eta Iruñean bukatu apirilaren 9an. Eskualeko hainbat lagunek hartu dute parte abestiaren eta bideokliparen grabazioan. Zirkorrika abestiaren hitzak Uxue Alberdi Getariako bizilagunak sortu ditu, eta haiei Xabier Zabala zarauztarrak jarri die doinua. Eta honako hauek abestu dute: Izarok, Pettik, Miren Narbaizak, Jurgi Ekizak eta Oihana Fernandezek.
Korrika eta zirkoa batzen dituen abestia da 20. Korrikarena. Zirkoan oinarrituta dago, eta ekilibristak, funanbulistak, eskapistak, pailazoak, ilusionistak eta malabaristak ageri dira bideoklipean. Horien artean dira Ekain Ibarguren azpeitiarra eta Koldo Arakistain zarauztarra. Bideoklipeko hainbat zatitan ageri dira Ibarguren eta Arakistain, malabareak egiten.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere hartu dute parte grabazioan, baita Oreka TXko txalapartariek ere. Abestiari musika Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote. Abestia Kaki Arkarazok grabatu du, eta Hiru Damatxok egin du bideoklipa.
Hona hemen 'Zirkorrika' abestiaren hitzak:
Hizkuntzaren malabaristak,
akrobatak, trapezistak,
herri honen ilusionistak...
bidera atera gara, mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.
Bi urteko ekilibristak,
su-irensle optimistak,
jaiotzetik ilusionistak...
bidera atera gara,
Korrika atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Atso-agure kontortsionistak,
pailazoak, eskapistak,
euripean ilusionistak...
bidera atera gara,
mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.
Ahots kordan funanbulistak,
fakirrak ta alkimistak,
ofizioz ilusionistak...
bidera atera gara,
Korrika atera gara, herriz herri igaroko gara!
Bizirauten espezialistak,
bi buruko aktibistak,
bihotzaren ilusionistak...
bidera atera gara,
herriz herri ibiliko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.