Pako Urkia. (Hitza)
Pako Urkia zarauztarra hil da gaur, 81 urterekin. Herriko kirolaren alde egindako borondatezko lanagatik zen ezaguna Urkia. Gaztetan hasi zen plaieroetan, futbolean eta pilotan jokatzen, eta gerora, 31 urtez izan zen Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaritzako kide. Horietatik 24 urtetan kirol elkarteko lehendakari izan zen. Gipuzkoako Pilotako Federazioko zuzendaritzako kide ere izan zen.
Zarauzko plaieroen jarraitzaile eta sustatzaile sutsua izan zen urteetan. Horregatik, duela bi urte omenaldia egin zioten, Hondartzako Futbol Txapelketako finalean. 2004ean jaso zuen Rafa Puignau Saria Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Horrez gain, Kale Nagusiko Urkia dendako jabeetakoa izan da.
Hilbeila gaur 21:00ak arte eta bihar 09:30etik 13:30era bitartean izango da Zarauzko tanatorioan. Hileta elizkizuna, berriz, bihar egingo dute, Santa Maria Real parrokian, 19:00etan hasita.