Lierni Osa, EuroSkills olinpiadetan parte hartzen, Suedian. (Lierni Osa)
Lanbide Heziketako EurosSkills olinpiadetan parte hartu du Lierni Osak (Zarautz, 1995), Goteborgen (Suedia). Duela hiru egun itzuli zen handik, eta "oso esperientzia polita" izan dela esan du. Zarauzko Monte Albertian estetikako erdi mailako eta goi mailako zikloak ikasi zituen, eta orain Bilbon makillajeko espezialitate bat egiten ari da.
Nolatan iritsi zara EuroSkillsera?
Monte Albertian goi mailako zikloa ari nintzen ikasten, eta zuzendariak esan zidan ea nahi nuen Espainiako Lanbide Heziketako txapelketara aurkeztu. Hilabetez aritu nintzen probarako prestatzen, baina esperantzarik gabe joan nintzen, hilabete gutxiegi zelako. Halere, joan nintzen eta irabazi egin nuen. Espainiako proba irabazita, zuzenean sailkatu nintzen Brasilgo mundialera eta Europako txapelketara.
Brasilen izan zara?
Bai, baina ezin izan nuen lehiatu. Arlo pila bat daude, eta estetikan, ile apainketan eta arotz lanetan Espainia plaza gabe gelditu zen, berandu ibili zirelako edo... Horregatik ezin izan genuen lehiatu hiru pertsonak, baina eraman egin gintuzten lehiaketa nolakoa zen ikustera, Europako txapelketarako kontzientzia hartzeko.
Suediako EuroSkills olinpiadetatik itzuli berri zara. Zer emaitza lortu duzu han?
Hamahiru partaidetik bederatzigarren sailkatu nintzen. Oso maila altua zegoen. Beste herrialdeetan lehiaketari garrantzi oso handia ematen diote. Suediako batek kontatu zidan beraiek probarako prestatzen direnean, ez dutela horretaz aparte ikasi edo lanik egiten. Zu Euskal Herrira etortzen zara Europako urrezko dominarekin, eta pare batek zorionduko zaituzte.
Uste duzu gehiago baloratu beharko liratekeela horrelako txapelketak?
Espainiako Gobernuko kideekin hitz egiten egon ginen, eta esaten zuten kontu hau hemen ezagutaraztea nahi dutela. Ze azkenean, Lanbide Heziketako kontu bat denez, Euskal Herrian ez zaie garrantzi handirik ematen EuroSkills bezalako txapelketei. Eta guk ikusi genuen Suediako aireportuan telebista handi batean iragartzen zutela lehiaketa, kalean kartelak zeudela....
Zer nolako probak egin zenituen?
Zailena egin zaidana da
shugary teknika erabiltzea, azukrearekin depilatzea. Finlandian eta Suedian, esaterako, depilatzeko argizaria erabili ordez, azukrea erabiltzen dute. Hemen ia ez da halakorik egiten, eta hori egin zitzaidan zailena. Makillajeko probak, azkazalenak, aurpegiko eta gorputzeko tratamenduak... ere egin ditut.
Eta, zer moduz moldatu zara?
Oso gustura ibili naiz. Ahal nuen ondoen egin nuen, baina egia da ikusi dudala beste herrialde batzuetan sekulako maila dutela: Suedian, Frantzian, Finlandian... Detaile txikienak zaintzen dituzte.
Zer zaintzen dute Euskal Herrian baino hobeto?
Batez ere, higienea. Guk pila bat zaintzen dugula iruditzen zitzaidan, baina beraiek muturreraino eramaten dute. Horrez gain, ergonomia ere asko zaintzen dute. Masajeak ematerakoan, adibidez, dantzan ari zirela ematen zuten batzuek, ikuskizun bat zen.
Lehiakortasun handia egongo da, ezta?
Oso handia. Hasieran tentsio oso handia zegoen, jendea irabaztera zihoalako. Batzuek presio handia zuten, beren herrialdeek exijitzen dietelako dominaren bat irabaztea. Aurreneko egunetan gaizki pasatu nuen, baina gero lasaitu nintzen.
Orokorrean, zer moduzko esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. Prestatu naizena kontuan izanda, oso gustura geratu naiz. Baina nahiko nuke gehiago prestatu eta hobeto egin.