Ramon Serras. (Zarauzko Hitza)
Ramon Serrasek (Zarautz, 1943) urteak eta urteak daramatza argazki kameraren atzean, askotariko argazkiak ateratzen. Horri esker, hainbat titulu eta sari eskuratu ditu, eta baita erakusketa ugari antolatu ere. Bera da Zarauzko Argazkizale Elkartearen zein Zarauzko Photomuseumearen sortzaileetako bat.
Argazkilaritzari egindako ekarpena dela-eta, jarri diote argazki lehiaketari haren izena.
Euskaldunak, Zarauzko Argazkizale Elkarteak eta Turismo Bulegoak argazki lehiaketa antolatu du zure omenez. Ohorea izango da zuretzat, ezta?
Nire bizitza, lanaz aparte, argazki mundua izan da. Horregatik, pozgarria da jendeak hori aitortzea. Niri ilusio handia egin zidan nire omenez argazki lehiaketa antolatzeak. Felixek esan zidanean, hasieran ezetz esan nion. Niri halako omenaldiak, egia esan... Hil ondoren, tira. Orain egin beharra zegoela erantzun zidan, eta, azkenean, horrela izan da.
Harekin duzun harremanak bultzatu zintuen, agian. Izan ere, Euskalduna tabernarekin lotura estua duzu.
Bai, hilero-hilero antolatzen ditut erakusketak taberna horretan. Gutxi gorabehera 150 erakusketa izango dira guztira. Tonto-tonto hasi nintzen, pentsatuz argazkilaritzan hasi berriak ziren zarauztarrentzat interesgarria izan zitekeela areto bat izatea euren argazkiak erakusteko. Zarauzko Argazkilari Elkarteko kideei proposatzen diet erakusketetan parte hartzeko, pentsatzen dudalako haiei ere ilusioa egingo diela, niri egiten zidan bezala.
Txikitatik datorkizu argazkilaritzarako grina. Noiz hasi zinen?
Nire aitak argazkiak ateratzen zituen; garai hartan 3-4 bat ziren argazkizaleak Zarautzen. Benancio Amezti apaizak erakutsi zion argazkiak errebelatzen, eta berak etxean egiten zituen errebelatuak. Familiaren argazkiak ateratzen zituen, gehienbat.
1978an hasi nintzen ni; 7-8 urte nituenerako nik ere egiten nituen argazkiak, aitaren gidaritzapean. Nire familian bazegoen argazkigintzarako halako grina bat. Amonak berak ere askotan bidaltzen ninduen Gar-era, argazkiak erostera.
Irakurri elkarrizketa osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.