EHUko Gaur Egungo Historiaren Katedradun Ludger Mees. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
"Gure historiaren nondik norakoak aztertzen baditugu, konturatuko gara jendeak askotan gehiago egiten diola kasu sinbolo baten esanahiari, lider politiko baten diskurtsoari baino". EHUko Gaur Egungo Historiaren Katedradun Ludger Meesen esanetan, sinboloak mezu jakin bat modu oso grafikoan laburbiltzen dutelako dira garrantzitsuak: "Hitz gehiegi erabili gabe, edonork ezagutzen dituelako, edozeinek duelako horien inguruko ideiaren bat, gutxi gorabeherakoa bada ere".
Baina ez horregatik bakarrik. Meesen arabera, sinboloek emozioak ere pizten dituztelako dira garrantzitsuak gizartean. "Gure bizitza honetan, askok emozioek bultzatuta egiten ditugu gauzak, askotan arrazionamenduarekin soilik egin gabe". Zentzu horretan, sinboloek alde emozional hori ere badutela dio: "Jendea mugiarazten dute".
Orain arte sinboloei "kasu gutxi egin" izan zaienez, hori aldatu beharra zegoela dio Meesek: "Halakoak ulertu gabe gure historia ezin baita ulertu". Horregatik, Zarauzko bizilagunak eta historian adituak diren beste 15 lagunek 100 euskal sinbolo aztertu dituzte. "EHUn badugu ikerketa talde bat, eta urteak daramatzagu hainbat zientzia azterketa egiten. Gure gai nagusia da euskal nazionalismoaren ibilbidea ikuspegi konparatibo batetik. Horren barruan sartzen dira azpigai asko; horietako bat da sinboloena". Lehenbiziko emaitza 2011ean atera zuten:
Euskal nazionalismoko sinboloen hiztegi ilustratua (Diccionario ilustrado de simbolos del nacionalismo vasco), hain zuzen ere.
"Sinboloen inguruko liburu potolo bat da, 700 bat orrialdeetakoa. Konturatu ginen oso akademikoa zela, jende arruntarentzat agian oso urrun gera daitekeena". Hori zabaldu eta beste formatu batean aurkeztea erabaki zuten, eskuragarriago jartzeko helburuarekin. Hori da, hain zuzen ere, argitaratu berri duten
100 euskal sinbolo: Identitatea, kultura, abertzaletasuna lanaren erronka. "Edozein euskal herritarrentzat sortu dugu, euren historia eta nondik norakoak ezagutu nahi dutenentzat".
Irakurri erreportaje osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.