Zarahitzen lehen topaketa irekia. (Zarahitz)
Eskualdeko beste zenbait herrirekin batera azpeitiarren lekuko jaso ostean, 2017ko udaberrian Zarautzen estatus politikoaren inguruko herri galdeketa antolatzea da
Zarahitzen asmoa. Horretarako, gaur, larunbata, lehen topaketa irekia egin dute Aritzbatalde kiroldegian. Bertan, galdeketa bitartean egiteko dagoen bidea, bide horretan agertuko diren lanak eta guztia antolatzeko lan taldeak zehazten eta antolatzen hasi dira. Zarahitzeko ordezkariek lehen topaketaren "oso balorazio positiboa" egin dute, eta "aurrean erronka potoloa bezain zirraragarria" dutela nabarmendu dute. Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete topaketara bertaratutako guztiei eta "guztia aurrera ateratzeko ahaleginak biderkatu beharko" dituztela nabarmendu dute.
Goizane Arana eta Mitxel Gorrotxategi aritu dira aurkezle lanetan, eta azaldu dutenez, gaurtik aurrera, hiru fase aurreikusten dituzte 2017ko udaberrian herri galdeketa egin arte.
Lehen fasea,
Badator olatua lelopean egingo dute, eta bere helburua herri galdeketa egin ahal izateko sinadurak lortzea da. Bigarren fasea,
Zu zara olatua, martxoa eta maiatza bitartean luzatuko da. Sinadura bilketarako jarritako helburua betez gero, herri galdeketa antolatuko dute Zarautzen, eta horretarako giroa lantzeko, hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreikusi dute. Hirugarren eta azken fasea
Herri galdeketa izango da, eta galdeketa eta horren inguruko guztia bideratu beharko dute. Besteak beste, herritarrek bozka dezaten kanpaina egingo dute, begiraleak lortuko dituzte eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jai eguna izan dadin lana egingo dute.
Hiru faseak azaldu ondoren, egingo den galderari buruzko hausnarketa eta eztabaida irekia egin dute kiroldegian elkartutakoek. Burujabetza, estatua edota independentzia kontzeptuei buruz aritu ondoren galdeketa egin dute;
nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? edo
nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar izan? aukeratu behar izan dute herritarrek. Guztira, hurrenez hurren, 59 eta 17 bozka izan ditu galdera bakoitzak.
Aurrera jarraitzeko lan taldeak
Zarahitzen talde eragilea edo koordinazio taldea izango da ardatza. Hala ere, horren inguruan, beste hainbat lan talde arituko da lanean. Esate baterako, ekitaldiez arduratuko den taldea, harremanen ardura izango duena, komunikazio taldea, arlo juridikoaren gorabehera guztie arduratuko dena, edota ekonomia taldea. Batzarrera bertaratutakoak 20 lagun inguruko taldeetan banatu dira, eta bakoitzetik pasa dira lan taldeetako arduradunak eta ordezkariak talde bakoitzaren informazioa emanez.