Zarahitzeko kideak: "Parte-hartzea da inportanteena, eta ez horrenbeste emaitza"

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 24a

Azpeitiko lekukoa jaso eta taldea aurkeztera eman ondoren, Zarahitz herri ekimenak galdeketara begirako lehen topaketa egingo du larunbatean. Herritar guztiei irekita dagoela nabarmendu dute.

Zarahitz ekimeneko talde eragileko kide Patxi Agirrezabal eta Goizane Arana. (Aritz Mutiozabal) Gure Esku Dago mugimenduak erabakitzeko eskubidea zuen aldarri. Zarautzen, eskualdeko beste zenbait herritan bezala, aldarrikapenetatik ekintzetara jauzi egiteko ordua iritsi dela erabaki dute. "Gure Esku Dagok orain arte dinamika bat eraman du, eta ikusten zen herri galdeketa antolatzera begira elkarte propio bat sortu behar zela", adierazi dute Zarahitz ekimeneko talde eragileko kide Goizane Aranak (Arrasate, 1977) eta Patxi Agirrezabalek (Zarautz, 1957). Udaberritik ari dira lanean, eta publikoki duela aste batzuk egin zuten agerraldia. Larunbat honetan galdeketarako bideari ekingo diote, eta horretarako lehen topaketa antolatu dute; Aritzbatalde kiroldegiko aretoan izango da, 10:00etan. Azpeitian ekainean egin zuten herri galdeketa, eta duela hilabete Zarautzek haien lekukoa hartu zuen, eskualdeko beste herri batzuekin batera. Ezinbestekoa zen haiek abian jarritakoari jarraipena ematea? Patxi Agirrezabal: Sinbolismo pixka bat dauka, are gehiago galdeketa Urola Kostara zabalduta. Goierrikoek egina dute, baita Debagoienan ere, eta asmoa da eskualde mailan guk ere gauza bera irudikatzea. Azpeitikoa erreferentzia izan da, eta maila goitik jarri dute. Goizane Arana: Ikusten duzunean haiek egin dutela, gu nola geratuko gara bada atzean. Segitu beharra dago, eta osotasun bat eman, eskualdeko ikuspuntuarekin. Ekitaldi hartatik epe laburrera aurkeztu zenuten Zarahitz, herriko hainbat talde eta eragileren babesean. G.A.: Dozena bat lagun ari ginen lanean, eta egiten ari ginena kanpora ateratzeko beharra ikusten genuen, herrian zer-nolako giroa pizten zuen ikusteko. Orduan, erreferentziazko pertsonen zerrenda bat osatu genuen, eta, gainera, pentsamendu eta ideologia ezberdinetako jendea izatea nahi genuen. Deika hasi, eta harrituta geratu ginen jendeak zer erraz eman zigun baiezkoa aurkezpenerako. Erantzuna positiboa izan zen, eta espero baino jende gehiago bildu ginen. Ongi ekin genion, eta baikortasun bat piztu zigun. Irakurri elkarrizketa osoa Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide