Jexuxmai Lopetegi: "Halako lan bat egitea loteria tokatzea bezala da"

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 23a

Antton Olariagarekin eta Harkaitz Canorekin batera, Itzal zaunka izeneko disko-liburua kaleratu du Jexuxmai Lopetegi musikari zarauztarrak; 11 abesti jaso ditu, hainbat lagunen parte hartzearekin.

Jexuxmai Lopetegi musikaria. (Aritz Mutiozabal) Ilustrazioa, literatura eta musika uztartzen dituen proiektu batean murgilduta ibili da Jexuxmai Lopetegi (Zarautz, 1956) azken urtean. Orain, proiektu horrek bere fruitua eman du, Itzal zaunka disko-liburuan argitaratuta. Bera, nolabait esateko, lanaren "soinu bandaz" arduratu da. Diziplina ezberdinetako hiru sortzailek bat egin duzue Itzal zaunka proiektua ontzeko. Nola sortu zen batze hori? Abiapuntua Antton Olariagaren marrazkiak izan ziren. Bazkari batean elkartu gintuen Harkaitz [Cano] eta biok, 2015eko otsailean, Donostian. Anttonek istorio bat zeukan marrazkietan, eta lan hau egiteko biok behar gintuela esan zigun, Harkaitz gidoilari gisa eta ni neu soinu banda egiteko. Berak argi zeukan zer nahi zuen. Zakur bat izango zen protagonista, baina zakurra bera ikusi gabe, baizik eta bere itzala ikusiz. Zakurraren ikuspuntutik kontatzen da istorioa, eta marrazkiak ere haren alturatik eginak daude. Beraz, ikusi genuen bi lan zeudela hor: batetik, marrazki horiei zegokien istorio idatzia, eta hori liburuaren bizkarhezurra izango litzateke; eta bestetik, horrekin lotura edo lotura ez duen diskoa. Zakurra existentzialista eta suizida samarra da, gainera. Bai, eta hori adibidez bukaerara arte ez da jakiten. Harkaitzek jada marrazkietan ikusten zuen istorioaren haria. Batez ere irudietan azaltzen diren ezlekuengatik; izan ere, hiri kanpoko parajeak ageri dira, autobide azpiak eta halakoak. Gero, zuri-beltzean dira egunez, zakurrek ere hala ikusten omen dutelako; eta gauez, argi artifizialekin.  Kokalekuekin eta koloreekin bazekien nondik bideratu nahi zuen testua. Zakurrak berak ere existentzialista dela dio, eta hortik abiatzen da guztia. Irakurri elkarrizketa osoa Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide