ZKEko Halterofilia saileko gizonezkoen senior taldea "oso harro" sentitzen da Espainiako Ligan 7. postua eskuratu eta bihar "mundu mailan diharduten kirolariekin" lehiatuko delako. Hain zuzen, Madrilen izango dira, taldeen arteko LX. Espainiako Errege Kopako finala jokatzen. Azkenekoz duela 12 urte hartu zuten parte final horretan, eta orduan taldeak 8 kirolariz osatzen zituzten. Hori dela eta, urte horietan beste taldeetako kirolariak gonbidatu behar izan zituzten zarauztarrek, taldea osatze aldera. "Aurtengoa, ordea, ZKEko pultsolariez osatuta egongo da, Aritzbatalde kiroldegian entrenatzen duten kirolariez, alegia. Horrela, dudarik gabe, Zarauzko talde indartsuena dela esan dezakegu", diote ZKEko Halterofilia sailetik.
Hori argi ikusi dute Espainiako Ligan ere. "Espainiako Liga 2012. urtean hasi zen jokatzen eta aurtengoan izan da lehenebiziko urtea ohorezko maila osatu dena", azaldu dute. Liga horretan sei jardunaldi izan dira, eta gorabeherak izan dituzte — 3. eta 4. jardunaldiak 11. postuan amaitu zituzten—. Hala ere, ZKEko lehen taldeak aurrea hartu eta 7. postuan sailkatzea lortu du. "Ez genuen inondik inora espero", nabarmendu dute. Hain zuzen, argitu dute iaz 14. postua lortu zutela eta orduan txapelketa lau jardunaldik osatzen zutela.
Ikusi albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.