Arantxa Agirre. (Aiora Larrañaga/Hitza)
ARANTXA AGIRRE - Altzolako auzo elkarteko kidea
Nolatan hasi zinen Altzolako sanrromanak antolatzen?
Aurtengoa Altzola auzoko jaiak antolatzen ditugun hirugarren urtea izango da. Ordura arte beste auzotar bat arduratzen zen festak antolatzeaz, baina ezbehar bat gertatu zitzaion, eta urte batean ez genuen festarik izan. Aspalditik auzoa galtzen ari da, garai batean 22 baserrik osatzen genuen auzoa, baina hamarkadaz hamarkada asko erre egin dira, eta auzoko giroa galdu egin da. Horregatik, beharrezkoa ikusi genuen Altzola biziberritzeko jaiak antolatzen jarraitzea, eta elkartea osatu genuen horretarako. San Roman jaiek auzoan giro ederra jartzen dute.
Jende asko biltzen al da jaietan?
Bai, auzotarrentzat oso egun bereziak izaten dira; gainera, Aiako beste auzoetatik eta Asteasutik ere herritarrak etortzen dira, beti izan baitute ospea Altzolako jaiek. Hala ere, eguraldiak zeresana izaten du, eguraldi ona bada jende asko biltzen baita. Aurten asteburua izanda, herritarrak festara animatzea espero dugu.
Nola gogoratzen dituzu garai bateko San Roman jaiak?
Garai batean Altzolako festak handiak izaten ziren, erromeriaren bueltan dantza eta jana izaten zen nagusi. Auzotarren artean erronkak ere egiten ziren, eta giro ederra izaten zen. Gu ahal den heinean jaien izaera mantentzen saiatu gara. Aurten, esaterako, meza nagusia ostiralean eta igandean izango da, baina larunbatean ere jai giroa izan dadin trikitilari gazteen jaialdia antolatu dugu. Erromeria giroak jende asko erakartzen du auzora, baita gazteak ere, eta trikitilariek ere gustuz hartzen dute ekitaldia.
Horretaz gain, bazkariak ere antolatu ditugu, eta horietan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete egunean bertan, edo aldez aurretik 629-33 54 03 telefono zenbakira deituta.
EGITARAUA
Bihar, azaroak 18
10:00. Hamaiketakoa.
11:00. Meza nagusia, eta gero erromeria Laja eta Larrañagarekin.
14:00. Bazkaria.
16:00. Erromeria.
21:00. Afaria, eta dantzaldia.
Azaroak 19, larunbata
18:00. Erromeria jaialdia. Parte-hartzaileak: Julen Alonso eta Eneritz Aulestia, Manez Torrealdai eta Irati Gutierrez, Mikel Barandiaran eta Julene Otegi, eta Aratz Olaizola eta Maria Lasa.
21:00. Afaria.
Azaroak 20, igandea
10:00. Hamaiketakoa.
11:45. Meza eta erromeria.
14:00. Bazkaria eta gero erromeria.
21:00. Afaria, dantzaldia eta ondoren txokolate beroa.