Jurgi Olaizola 'Txili': "Akatsetatik gehiago ikasten da, lehenengoan asmatuta baino"

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko aza. 11a, 12:01

Jurgi Olaizola 'Txili' margolariak 'Itzal erratuen musika' erakusketa paratu du Lukasen. Hilaren 15era arte edukiko du Zarautzen, eta, ondoren, Donostian erakutsiko ditu bere margolanak.

Jurgi Olaizola 'Txili' margolaria, Lukasen jarritako erakusketan. (Amaia Ventas Aldabaldetreku) Manu Urbietaren "erruz" jarri du Jurgi Olaizola Txili-k (Zarautz, 1981) erakusketa Lukasen. "Berak ere Lukasen izan zuen erakusketa duela urte batzuk eta ordutik hainbat sortzaileren lanak eraman ditu hara. Denbora da niri ere gonbita egin edo erronka proposatu zidala, eta aurten eutsi diot". Udan ahal zuen lekutik denbora atera eta pintatzeko erabili du. "Plazerra izan da, eta madarikazioa, lanak bukatu eta prestatu behar nituelako". Zertan oinarrituta daude zure lanak? Musikarekin lotuta sortu ditut, kanta jakinek sortutakoa pinturara eramaten saiatuz edo, besterik gabe, pinturak agindutako bideak musika batekin lotu ditudalako. Pinturatik abiatu naiz lan hauek egiterakoan, ahalik eta askeen margotzen saiatu naiz, eta lan bakoitzari askatasuna ematen, berak eramateko iradokitzen zidan bidetik. Bozetorik egin gabe sortu ditut, batetik bestera salto eginez, interesgarriak iruditzen zaizkidan teknikak elkarren artean nahastuz eta behin eta berriz berreginez. Pinturak hitz egin dezala diozu. Zer dute esateko? Pintura bakoitzak dauka bere izaera, bere arima, eta bakoitzari kontatuko dio zerbait desberdina. Iradokiko dio zerbait edo sortuko sentipenen bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide