Astiko aisialdi eremua (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Tokiko Gobernu Batzarrak Astiko aisialdi gunearen hiri-berrikuntzako Plan Bereziari hasierako onespena eman zion uztailaren 26ean egindako bilkuran. Espedientea jendaurrean egon zen epean alegazio bakarra jaso zuen udalak. Hain justu ere, Astiko proiektua egokitu zitzaion enpresak berak sartu zuen: Txintxilik II enpresak. Udalak alegazioaren zati bat txertatu du espedientean, eta, ondorioz, zehaztu dute ekipamenduaren gehienezko eraikigarritasun fisikoa 330 metro koadrokoa izatea, kanpoko terrazak barne, estali egiten baldin bada.
Atzoko udalbatzarrean onartu zuten behin betikoz Plan Berezia, Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen eta Irabazi Zarautz kontra agertu zen. Lehiaketako baldintzetan 220 metro koadro erabilgarri finkatzen baziren ere, lehiaketa irabazi zuen proiektuak 350 metro koadro zituen. Ekipamenduren eraikigarritasuna %10a baino gehiagoko zenez, Plan Berezia idaztea erabaki zuen Udal Gobernuak, eta bertan 300 metro koadrokoa izatea zehaztu zuen. Alegazioaren zati bat onartuta, orain Plan Berezian jasotakoa baino 30 metro koadro gehiago izango ditu.
«Guretzako aukerarik onena izan ez arren, ulergarria izan daiteke eraikigarritasuna zertxobait handitzea, baldin eta erabaki honek arazo handiago bati irtenbidea ematen badio», azaldu zuen Zarauzko alkate eta Hirigintzako arduradun Xabier Txurrukak. Proiektua egokitzerakoan izandako «arduragabekerien ondorioa» dela gaineratu zuen, eta «eskuak lotuta aurkitu gara pleguak betetzen ez zuen kontratu baten aurrean». Gustuko proiektua ez duten arren, «Zarauzko Udalaren kutxarentzat irtenbide egokiena» dela uste dute.
Hari beretik, proiektuaren aurka daudela nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek: «Ez da gure gustukoa hau onartzea». Horren aurrean, Udal Gobernua «arduraz» jokatzen ari dela azpimarratu zuen: «EH Bilduk oso lotuta utzi zuen gaia, eta orain bertan behera uzteko sekulako dirutza utzi beharko luke udalak».
«Alegazioak osotasunean»
EH Bilduk Plan Bereziaren hasierako onespenari baiezkoa eman zion, «Astiko aisialdi gunea biziberritzeko egin genuen erronka horretan pauso bat gehiago delako». Osteguneko osoko bilkuran, ordea, abstenitu egin zen. «Ulertzen dugulako Txintxilik-ek egindako alegazioak zentzua duela, eta eskertzen dugu Udal Gobernuak egindako ahalegina horren zati bat txertatzerako orduan, baina uste dugu bere osotasunean kontuan hartu beharko litzatekeela etorkizunean arazorik egon ez dadin», azaldu zuen koalizioko bozeramaile Mikel Goenagak.
Irabazi Zarautzek proiektuaren kontra jarraitzen du. «Proiektuaren egokitzapena ez dago ongi eginda eta udalak arrazoi garbia dauka hori ezeztatzeko. Hala ere, Udal Gobernuak ez du kontratua baliogabetu nahi, eta Plan Berezi hau bultzatu du egindako akatsak estaltzeko eta lehen gustatzen ez zitzaion proiektua ahalbidetzeko», adierazi zuen Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benitok.