Zarahitz egitasmoaren aurkezpeneko irudia. (Aritz Mutiozabal)
"Hautetsontzi bana eman ziguten, eta guri dagokigu orain gure herrietan hautetsontziak biderkatzea, milaka herritarrek hitza hartu eta erabaki dezaten". Zarautzek, Urola Kostako beste zenbait herrirekin batera, 2017ko udaberrian
herri galdeketa egiteko lekukoa jaso zuen joan den astean azpeitiarren eskutik. Lekukoa hartu, eta ekin dio bideari; izan ere, gaur arratsaldean Zarahitz egitasmoa aurkeztu dute Merkatu plazako lehen solairuan, esparru askotariko herritarren eta eragileen babesarekin.
Xabier Euzkitze eta Araitz Urtiaga arduratu dira ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz. Azken urteotan, Gure Esku Dago herri ekimena aritu da erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko lanean, eta "egindako lan hori guztia eskertzeko modurik onena da, orain, herri galdeketaren olatura igotzeko garaia heldu denean, lekukoa hartzea eta Zarautzen erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera eta ilusioa zabaltzea".
Horri guztiari bide emateko sortu dute Zarahitz, eta ondorengo abiapuntuarekin ekiteko asmoa dutela azaldu dute: "Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasun edo nazio eskubideen inguruko auziak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz".
Herritarren hitza
Zarauztarrei "hitza ematea" da Zarahitzen helburua, eta horretarako estatus politikoari buruzko galdera zehatza egingo dute 2017ko udaberrian. Herri galdeketara heltzerako, baina, "lan asko" dagoela egiteko nabarmendu dute: galdeketa ahalbidetuko duen sinadurak bildu, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua bildu, galdera adostu, eguna zehaztu, parte-hartzea bermatu eta begiraleak ekarri, besteak beste.
"Demokraziaren oinarria herritarrei hitza ematea denez, zarauztarri galdera zehatza egiteko konpromisoa hartzen dugu. Zarauztarra baldin bazara, hemendik aurrera, zure hitza izango da gure erabakia". Hitz horiek hautetsontzietan isla izan dezaten, hurrengo hilabeteotan lanean ariko dira Zarahitzeko kideak, baina bidelagun asko beharko dituztela adierazi dute, hala nola hainbat lan-talde sortu behar direlako, eta, batez ere, herritarren eta herriko eragileen babesa behar dutelako.
Zarahitz herri ekimenak
webgunea sortu du egingo dituen urratsen berri emateko.
Honako lotura honetan ikus daitezke Zarahitzen aurkezpen ekitaldiko argazkiak.