Putzuzuloren 10. urteurreneko brindisa eta elkartasun argazkia, iaz. (Aritz Mutiozabal)
Putzuzulo?Amets Fabrikak 11 urte beteko ditu igandean, urriaren 30ean, eta urtero bezala, brindisarekin nahiz elkartasun argazkiarekin ospatuko dute. Modu horretan hasiko dute hilabete osoko urteurren egitaraua; azaroaren 26a bitartean, hamaika ekitaldi antolatu dituzte, Kontaezina! lelo hartuta. "Azken 11 urteotan gertarazi dugun guzti-guztia kontatzea ezinezkoa delako", azaldu du Xakela gaztetxeko asanbladak.
Putzuzulo gaztetxea sortu aurreko Zarautzen eta egungoaren artean "alde handia" nabari dute kultur eskaintzari dagokionez. "Herriak bizirik mantentzeko bide horretan, berebiziko garrantzia dute herritarrek sortutako ekimenek, era kolektiboan eraikitzen direnek". Herrigintzaren eta proiektuak elkarlanean sortzearen aldeko jarrerarekin, betiere.
Azken urtetan, Putzuzuloren egoeraren inguruan hausnartu du Xakelak hainbat eragilerekin; batetik, ekimenetan herritar gehiagok parte hartzeko, eta bestetik, erakunde publikoen babes iraunkorrago izan dezan. "11 urteko lanaren ondoren, oraindik, Putzuzuloren etorkizunak ez dauka argi askorik. Sortu dugun etxea botako dutela jakina da eta, hala ere, udalak ez du ezer egin etorkizunean beste toki bat izan dezagun. Zarautzek, proiektu kolektibo, ireki, autogestionatu eta feminista bat izan dezan".
Ikusi egitarau osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.