Jokoz kanpo dauden portaerak

Zarauzko Hitza 2016ko urriaren 25a

EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak bideo bat landu du gurasoek eskola kiroleko partidetan erakusten duten "jarrera desegokiak" agerian utziz.

Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako (EKAP ) kide Manu Urbieta eta Nagore Martinez. (Aritz Mutiozabal) "Kirol eskolak indarra hartzen ari ziren, eta eskola kirola, berriz, ahultzen". Horren harira sortu zuten Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma (EKAP) duela hiru urte. Orain arteko ibilian hainbat pauso eman dituzte, eskola kirola sustatzeko. Webgunea eta sakelako telefonoetarako aplikazioa sortu zituzten, eskola kiroleko begiraleei lanak errazteko hainbat ariketa eskura jarriz. Horrez gain, ikastaro edota formazio saio batzuk egin izan dituzte eskoletan, baita gurasoentzat eta LH 3 mailakoentzat  hitzaldiak eman ere, eskola kirola zer den eta zein balio dituen azalduz. Orain, kirol jardunaldietan gurasoek izaten duten "jarrera desegokia" agerian uzten duen ikus-entzunezko bat egin dute. EKAPeko kide Nagore Martinezek dio partidetan ematen diren jarrerak ez direla berez izan beharko luketeenak. "Egoera lasai batean eta gustura ibili beharrean, presio egoerak sortzen dira. Gaizki pasarazten zaie haurrei". Urteetan eztabaida sortu duen gaia da gurasoen jarrerena, eta oraindik gainditzeke dagoela uste du plataformako kideak. "Gurasoak emozionalki inplikatzen dira, eta askotan borondate txarrik gabe egiten dute, baina guri iruditzen zaigu egokiagoa dela haurrari lasaitasuna transmititzea", adierazi du EKAPeko kide Manu Urbietak.

Partidetako  "zalaparta"

Ikus-entzunezkoa Zarauzko Udalaren laguntzarekin sortu dute, EKAPen webgunea eta aplikazioa sortzerakoan bezala. Zarauzko ikastetxe guztietara zabaldu dute, eta gurasoei jarri diete eskola kiroleko aurkezpen saioak egin dituztenean. Bideoa Debolex ekoizpen etxearekin egin dute, eta bertan ikusten dena ez da fikzioa: benetan jokatutako partidetan jasotako audioa entzun daiteke. Irakurri albiste osoa Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide