Jaione Eskudero eta Xabier Etxabe, liburua eskuetan dutela. (Zarauzko Hitza)
Musika alorrean "hutsune nabarmena" zegoela-eta, 1983an sortu zuten Zarautz Abesbatza Inaxio Lertxundi orduko Kultura zinegotziak eta Joakin Iruretagoiena zuzendari ohiak, Musika Bandarekin batera. Erronka izan zen behar hori asetzea; izan ere, diktadura amaituta, "dena egiteko" zegoen. 33 urte pasatu dira ordutik, eta oraingoan, Xabier Etxaberi egokitu zaio Zarautz Abesbatzaren hiru hamarkadetako ibilbidea, 1983-2013 urte bitartekoa, jasotzeko erronka. Zarautz Abesbatzak 30 urte liburua da horren emaitza, eta ostiralean aurkeztu zuten, Zarautz Txiki abesbatzaren 30. urteurreneko ekitaldian.
Orain urte batzuk Zarautz Abesbatzako batzordekideekin bildu zen Etxabe, eta dokumentazio lan ederra egina zutela ikusi zuen: batetik, argazki artxibo zabala zuten, eta bestetik, Joxe Manuel Egaña eta Carmen Sanchez abesbatzan partaide izandakoek euren bizipenekin kontakizun bat ere egina zuten. Hori hartu zuen Etxabek abiapuntu gisa. Eta hori guztia aztertu ondoren, elkarrizketak egiten hasi zen. "Jende askorekin izan nintzen, Iruretagoienarekin, Lertxundirekin, Jaione Eskuderorekin....Benetan aberasgarria egin zait bizipen horiek guztiak ezagutzea".
Eskudero hasiera-hasieratik izan da Zarautz Abesbatzako kidea. Txikitan hasi zen bertan abesten, soprano gisa, eta egun jarraitzen du, orain zuzendari gisa. Bera bezala, badira etenik gabe abesbatzan kantatzen jarraitzen dutenak. Lau dira, esaterako, Zarautz Txikin hasi eta Zarautz Abesbatzan jarraitzen dutenak. Beste batzuk utzi eta berriz itzuli dira, haren arabera, "ezin dutelako kantatu gabe egon". "Beti izango dituzte Zarautz Abesbatzako ateak irekita, badakite".
1996ko urtarrilean hartu zuen Eskuderok Iruretagoienaren lekukoa, eta ordutik zuzentzen ditu abesbatzak. "Urteak konturatu gabe pasatzen dira. Oso gustura gaude". Bizipenak, "pila bat" ditu berak ere.
Askotariko bidaiak
Formakuntza eskaintzeaz gain, ikasitakoa Euskal Herritik kanpo ere ezagutarazi dute Zarautz Abesbatzako kideek. Lehiaketetan, topaketetan zein elkartrukeetan parte hartzeko hainbat bidaia egin izan dituzte urte hauetan guztietan, eta askotariko herrialdeetan izan dira. Urrutiena, Israelen.
Iraurri albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.