Luis Epelde argazkilaria. (Aritz Mutiozabal)
Orain arte bi erakusketa egin ohi zituen Zarauzko Argazkizale Elkarteak; bata, taldekoa, eta bestea, banakakoa. Aurten biak batean elkartzea erabaki dute, eta Merkatu plazako lehen solairuan jarri dituzte erakusgai, azaroaren 3a bitartean. Batetik, elkarteko kide Luis Epeldek (Azkoitia, 1953) landutako 'Agorregi' proiektu fotografikoa ikus daiteke, eta bestetik, elkarteko 16 argazkilariren askotariko lanak.
Nola sortu da bakarkako erakusketa egiteko aukera?
Duela urtebete pasatxo proposatu zidaten, eta baiezkoa eman nien. Pare bat ideia banituen buruan, eta horietako bat Agorregiri buruzkoa zen. Paraje horretan asko ibiltzen naiz: Pagoeta, Iturraran... Toki oso politak dira argazkiak ateratzeko. Hori horrela, Agorregiren inguruan egitea erabaki nuen. Urteko aro ezberditan argazkiak ateratzen joan naiz, eta erakusketa egindako lanaren laburpen bat litzateke. Guztira, 34 argazki jarri ditut erakusgai.
Hasieratik garbi izan al duzu jorratu nahi zenuen gaia?
Argazkigintzan hasi nintzenean paisaia lantzen nuen, baina gaur egun paisaiaz gain, natura eta kirola –batik bat, eskubaloia– ere jorratzen ditut. Zalantza neukan erakusketa ontzeko orduan kirol aldetik jo ala paisaia aldetik. Azkenaldian jende askok ezagutzen nau kirol arloan ateratzen ditudan argazkiengatik. Beraz, paisaiari heltzea erabaki nuen, eta, kasu honetan, Agorregirekin, natura ere ukitzen dut. Bestalde, burdinolak nola funtzionatzen duen erakusten dute bertan, eta hiru argazki txertatu ditut horren adierazgarri.
Jendea harritu egingo al da kiroletako argazkirik ikusiko ez duelako?
Paisaiari buruzko erakusketa bat egitearen arrazoietako bat hori izan da. Jendeari harridura sorrazi nahi izan diot, askok eskubaloiko argazkietatik ezagutzen nautelako. Eskubaloia nire zaletasuna izan da txikitatik. Ondoren, nire semeek jokatu dute, eta hor gaude sartuta. Nik eskubaloiko argazkiak ateratzen ditut eta, gainera, gozatu egiten dut. Niretzako izugarria da, baina erakusketa honetarako bestelako zerbait egin nahi izan dut, ezusteko hori eraginez.
Irakurri elkarrizketa osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.