Ezkerretik hasita, Saavedra, Zumeta eta Azkune Ikaslagun taldeko koordinatzaileak. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Hiruek esperientzia zabala dute irakaskuntzan. Eulogio Saavedrak 39 urtez jardun du irakasle lanetan Lehen Hezkuntzan, bereziki, 9-11 urte bitarteko ikasleekin, eta azken urteetan, helduekin ere bai. Marije Zumeta duela hiru urte aurrejubilatu zen, eta hainbat eta hainbat urte eman ditu adin guztietako haurrei eskolak ematen. Iñaki Azkune Azpeitiko zein Zarauzko institutuetan aritu da; guztira, 32 urtez. Hiruek maite dute irakaskuntza, eta egun erretiratuta dauden arren, ez dute haurren heziketan parte izateko nahia galdu. Ikasketetan laguntza behar baina laguntza hori jasotzeko aukerarik ez dutenei zerbitzua eskaintzeko helburuarekin
sortu dute Ikaslagun taldea.
Nolatan elkartu zarete Ikaslagun taldea sortzeko?
Marije Zumeta: Nire kasuan, kasualitatez izan zen. Hauteskunde mahai batean nengoen, ahaldun gisa, eta ondoan egungo zinegotzi bat egokitu zitzaidan. Hitz egiten ari ginela, galdetu zidan ea prest egongo nintzaken proiektuan parte hartzeko. Ezbairik gabe, prest nengoela esan nion. Handik denbora batera, deitu zidaten, eta elkartu eta bilerak egiten hasi ginen.
Eulogio Saavedra: Bertakoak ekimenean, etorkinekin egindako bazkari batean, Julen Aranguren Immigrazio teknikariarekin egin nuen topo. Libre samar nenbilela esan nion, eta laguntzeko prest nengoela zerbait egonez gero. Hurrengo urtean deitu zidan, eta parte hartzera animatu nintzen.
Iñaki Azkune: Nik Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikariaren bidez izan nuen egitasmoaren berri. Nire ikaslea izan zen Azpeitin, eta esan nion erretiroa hartu ondoren ere noiz edo noiz laguntzera joaten nintzela kasu bereziei. Egia esan, arreta berezia gehiago gustatu izan zait eskola arruntak zuzentzea baino. Orain, esperientzia hartuta eta lasaiago nagoela, Ikaslagunen parte hartzea erabaki dut.
Arreta berezia aipatu duzu. Hain zuzen ere, Ikaslagunen egitekoa ez da soilik irakaskuntzan oinarritzen, ezta?
M.Z: Nik uste dut hori dela puntu garrantzitsuenetariko bat. Ez dakigu zein profiletako ikasleak izango ditugun. Gutxi gorabehera esan digutena da asko etorri berriak direla, denbora askoan ez direla egon euren familiarekin edo amarekin, hizkuntzarekin arazoa izan dezaketela...
Gure helburua da euren ikaskideen ahalik eta antza gehiago izaten laguntzea da, etxeko lanak egiten eta abarretan lagunduz. Baina, horrekin batera, senti dezaten bat gehiago direla eta elkarrekin egingo dugula bidea, autoestimua eta konfiantza landuz, euren integrazioa osoa izan dadin.
Irakurri elkarrizketa osoa
Zarautzko Hitzaren webgunean.