Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostegunean hasiko dira lanekin, eta espazio berrian ZAEko arraunlarientzat gimnasioa atonduko dute
Solairuarte osagarri bat eraikiko dute Aritzbatalde kiroldegiko aurrauneko hobiko aretoan, eta bertan, Zarautz Arraun Elkartearentzat gimnasio berri bat sortuko dute. Obretako eta Kiroletako zinegotzi Iban San Martinek azaldu duenez, ZAEk egindako eskaera bati erantzun dio udalak.
"ZAEko lehendakari Jon Artolak gugana jo zuen, eta kiroldegian bertan entrenatu ahal izateko Aritzbataldeko arrauneko hobian solairuartea eraikitzeko proiektua erakutsi zigun", jakitera eman du San Martinek. "Obra honekin arraunlarien egunerokotasunean, entrenatzerako garaian, baldintzak asko hobetuko direla uste dugu".
Urdaintzi Eraikuntzak enpresak egingo ditu solairuartea sortzeko lanak, 57.591,78 euroko aurrekontuarekin. Ostegun honetan, urriaren 13an, hasiko dira eraikitzen, eta bi hilabetetan bukatuta egotea aurreikusi dute. Hori horrela, ZAEko arraunlariek abenduaren erditik aurrera izango dute erabilgarri gimnasio berria.