2013an Zarautzen jokatu zen Gipuzkoako Kayak Surf Txapelketako argazkia. (Sergio Moreno Sanchez)
Igandean Gipuzkoako Kayaksurf Txapelketa jokatuko da Zarautzen, Zarauzko Hondarkayak taldeak antolatuta. Euskadiko Koparako proba puntuagarria izango da, eta 30 kirolarik parte hartuko dute txapelketan, adinaren eta piragua motaren arabera zortzi kategoriatan banatuta: juniorrak, neskak, open eta master.
Denera 21 norgehiagoka jokatuko dituzte, eta saio bakoitzean 4 kirolari parte hartuko dute.
Goizekoa kanporaketa jardunaldia izango da, eta arratsaldean finalak jokatuko dira eta sari banaketa egingo dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, goi mailako parte-hartzaileak izango dira lehian; tartean banaka nahiz taldeka munduko txapeldun izan direnak, baita euskal selekzioarekin jokatzen dutenak ere. Olatu politak espero dituzte iganderako, eta ikuskizun polita ikusteko aukera izango dela uste dute Zarauzko Hondarkayak taldeko kideek.