Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren 24tik 30era askotariko hitzaldiak eta perretxiko erakusketa izango dira, Arkamurka natur taldeak antolatuta.
Aurten, itsasoa gaitzat hartuta, hiru hitzaldi eskainiko dituzte Arkumurka natur taldeak antolatutako XXXXVII. Natur Astean. Lehenbizikoa hilaren 24ean izango da Raul Castro Urangaren eskutik. Itsas biologoak Arrainen ohiturak Mollarri eta San Anton artean (Costumbres de nuestros peces entre Mollarri y San Anton) hitzaldia eskainko du.
Hurrengo egunean, hilaren 25ean, itsaspeko bizitzaz eta garapen iraunkorraren helburuez ariko da Alberto Santolaria itsa biologian doktorea. Itsasoari lotutako hirugarren eta azken hitzaldia Ibon Galparsorok eskainiko du, hilaren 27an. Galparsoro itsas zientzietan doktorea da, Aztiko ikerketa sailean. Horrek kostaldeko itsas azpiko paisaia izango du hizpide.
Horrez gain, urtero legez, mikologia ere landuko dute XXXXVII. Natur Astean ere. Hain zuzen, hilaren 26ko hitzaldia onddoen munduari buruz izango da, zehazki biologia eta gizakiarekin duen loturaz. Juanma Lasak eskainiko du, biologiako irakasle eta Arantzadi zientzia elkarteko Mikologia saileko kideak.
Hitzaldi guztiak 20:15ean izango dira, Arkamurka elkartearen egoitzan (Santa Marina 2,2).
Perretxiko sailkatzea eta erakusketa
Onddoen munduari buruzko hitzaldiaz gain, perretxikoak sailkatu eta erakutsiko dituzte Natur Asteko azken bi egunetan. Hilaren 29an, Arkamurkako zein Aranzadiko kideak ariko dira perretxikoak sailkatzen Merkatu plazan, egun osoan. Hurrengo egunean erakutsiko dituzte perretxiko bereziak, Merkatu plazan.
Natur elkartetik adierazi dutenez, aurten koniferoetako perretxikoiei eskainiko diete erakusketa. Horren harira, hamar kartel jarriko dituzte ikusgai erakusketa gunean, bertako zein kanpoko koniferoak erakusteko. Kartel bakoitzaren parean pinu edota izei bakoitzaren hostoak, pinaburuak, adarrak eta bestelakoak jarriko dituzte.