Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ)
Uztaileko udalbatzarrean OHZri dagokion tipoak jaitsi zituzten, katastroaren igoerak suposatzen duen igoera ekiditeko. Udal Gobernuak %20ko jaitsiera ezarri zuen.
Errekargua. Etxebizitza hutsen kasuan OHZren errekarguak %100ekoa izaten jarraituko du.
- Aldaketak daude etxebizitza hutsak izendatzeko orduan iaz finkatu ziren energia kontsumoaren parametroetan: gutxienez kontsumitu beharreko potentzia 554 kilowattetik 300 kilowattera jaitsiko dute.
- Zaintza pertsonalak behar dituzten mendeko pertsonen jabetzako etxebizitzak hutsik geratzen badira, baina pertsona hori bere familiaren etxean bizi eta erroldatuta badago, salbuepen gisa ez zaio errekargurik ezarriko. Zaintza pertsonalen beharra mendekotasun-balorazio bidez frogatuko da.
Hobariak. Familia ugarientzako zegoen hobaria mantenduko dute, eta familia errenta estandarizatuaren kontzeptua gehitu dute. Kontzeptu honek familia mota ezberdinak, seme-alaben kopurua, ezgaitasuna dutenak eta abar hartzen ditu kontuan. Gehienez ere 10.000 euroko familia errenta dutenek %90eko hobaria izango dute; eta %40koa, 10.000,01 eta 20.000 euro bitartekoa dutenek.
Hirilurren Balioaren Gehikuntzen Gaineko Zerga Gainbalioa.
Karga tasa %12tik %10era jaitsiko dute, katastroaren igoera kontuan izanda. %50ko hobaria izango dute gurasoetako bat hiltzean etxea seme-alabek jaso dutenean; izan ere, kasu horietan plusbalia ordaindu behar izaten dute.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga Hobariak.
- Zerga-kuotan %75eko hobaria izango dute Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren erregistroan gisa honetan sailkatutako ibilgailuek: bateriadun ibilgailu elektrikoak (BEV); autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV); ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (PHEV), gutxienez 40 kilometroko autonomia dutenak edo erregai-piladun ibilgailuak.
- Zerga-kuotan %40ko hobaria izango dute Trafikoko Zuzendaritza Orokorraren erregistroan honela sailkatutakoek: ibilgailu hibrido entxufagarriak, gutxienez 40 kilometroko autonomia dutenak; ibilgailu hibrido ez entxufagarriak (HEV), gas naturalarekin (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotuarekin (GLP) bultzatutako ibilgailuak.
- Aurreko bi kasuetan, hobaria eskatu egin beharko da, eta hurrengo bi urteotan izango du eragina.
- %100eko hobaria izango dute ibilgailu historikoek. Hobari hau ere eskatu egin behar da, eta ibilgailuaren izaera historikoa ezinbestekoa izango da.
- 25 urte baino gehiagoko ibilgailuei hobaria kendu diete, kutsadura murrizte aldera.
- Familia ugarientzat hobariak sartuko dituzte. %50eko hobaria izango dute 14 zaldi-potentziatik beherako turismoek; betiere, bost plaza edo gehiago baldin badituzte, eta indarrean dagoen legediaren arabera familia ugariko kideren baten jabetzakoa bada. Hobari hau urtez urte eskatu beharko da familia ugariaren titulua edo fotokopia konpultsatua aurkeztuta.
Irakurri ordenantza fiskal osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.