Memoriaz hausnartzeko gunea zabalduko dute astelehenean Zarautzen

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 30a

Memoriaren Plaza ekimen ibiltaria iritsi da Zarautzera, Gogora institutuak bultzatuta. Urriaren 13ra arte, hamar egunez izango da erakusketa ikusgai Munoa plazan

Ezkerretik, Mikel Goenaga (EH Bildu), Gloria Vazquez (PSE-EE), Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Xabier Txurruka alkatea (EAJ), Jesus Arana (EAJ) eta Ana de Benito (Irabazi Zarautz). Astelehenean zabalduko dute Memoriaren Plaza erakusketa, memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen Gogora institutuak bultzatu duen ekimen ibiltaria. Gaur egin dute aurkezpena, eta Zarauzko udaleko talde politiko guztietako bozeramaile guztiek hartu dute parte agerraldian, Gogora erakundeko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin batera. Horrek nabarmendu du izandako jarrera eskertzekoa dela. "Ekimen honek Zarautzen izan duen harrera txalotzekoa da, eta horren adierazle da gaur hemen bozeramaile guztiak ditugula, guztion harrera anitza eta bateratua dela adieraziz". "Gure herriko memoriaren eraikuntzan gizartearen parte hartze anitza bermatzea" da Memoriaren Plaza ekimenaren helburu nagusia eta horregatik atera dute plazara . "Gure ustez, erakundeak egin behar duena da plazetara irten, eta batetik, erakutsi orain arte jaso dugun memoria anitza, eta bestetik, herritarrak gonbidatu beren bizipenak zein emozioak bertan utzi ditzaten, guztion artean eraiki behar dugun memoria horretan parte hartu dezaten". Erakusketa “nahiko berritzailea” da, “harritu egiten du egiturak berak”. Hainbat gunetan dago zatituta. Batetik, askotariko biktimen testigantzak jasotzen dira hiru gunetan: lehenbizikoan, terrorismoaren biktimen testigantzak; bigarrengoan, 1978 bitartean indarkeria polizialak eragindako biktimen testigantzak, eta azkenik, memoria historikokoak. Jarraitu irakurtzen albistea hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide