Pio Guerendiainen lana ikusgai

Zarauzko Hitza 2016ko irailaren 30a

Argazkilari nafarraren ‘Uhandreak eta ihesak’ (Tritones y fugas) erakusketa zabaldu dute Photomuseumen

Pio Guerendiainen 'Uhandreak eta ihesak' erakusketako argazkia. (Pio Guerendiain) Argazkilari nafarraren Uhandreak eta ihesak (Tritones y fugas) erakusketa zabaldu du Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak. Itsaslabarretako harri eroriei ateratako zuri-beltzeko irudiak jaso ditu Pio Guerendiainek bilduman; hau da, itsasoaren eta lurraren arteko mugan erausitako haitzen paisaia. Ikasturteko lehen erakusketa da argazkilari nafarraren Uhandreak eta ihesak, eta azaroaren 20a bitartean egongo da zabalik 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Erakusketaren osagarri, Photomuseumek mahai inguru bat ere antolatu du Pio Guerendiainekin berarekin. Ekitaldia urriaren 21ean izango da, ostiralean, 18:00etan. Sarrera doakoa izango da. ‘Amerikar bat Parisen’ Photomuseumek sustatu eta Zarauzko Udalak babestutako Gela programarekin ere jarraitzen dute Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan. Ostiraletan kulturaren difusioa helburu duten ekintzak antolatzen dituzte, eta gaur Amerikar bat Parisen (An American in Paris) film musikala emango dute 18:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da. Film honetarako indarrak batu zituzten Gene Kelly aktoreak, Arthur Freed ekoizleak eta Vicente Minelli zinema zuzendariak, eta askoren iritziz Hollywoodeko ekoizpenik onenetako bat da. 1951n estreinatu zuten zinema aretoetan, eta ikus-entzuleak txundituta utzi zituen, film musikalen arloan kontzeptu berritzaileak txertatu zituztelako. Ondorioz, sei Oscar sari lortu zituen; besteak beste, film eta jatorrizko gidoi onenarena. Film musikalen generoan erreferentzia nagusietako bat da, zalantzarik gabe. Gerraondoko Parisen kokatuta dago istorioa. Gene Kelly aktorea margolari estatubatuar bat da, eta lurrin denda bateko saltzaileaz maiteminduko da; Leslie Caron aktoreak antzezten du saltzailea. George Gershwin konpositorearen musika eta koreografia landuak nagusi dira film osoan, eta, nolabait esateko, bikotearen maitasun harremanaren hari gidariak dira. Nabarmentzeko modukoa da, esate baterako, ekoizpenaren azkenengo zatia. Hamazazpi minutu irauten ditu, eta denbora tarte horretan sinfonia erakargarria, dekoratu ikusgarriak eta Kellyren dantzarako abildadeak uztartzen dira, Amerikar bat Parisen ikusi beharreko ikus-entzunezkoa bihurtuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide