Antxon Sarasua eta Unax Nogales, Modelo aretoaren aurrean. (Amaia Ventas Aldabetreku)
Antxon Sarasua (teklatua), Lander Moya (baxua), Bernat Barcena (bateria), Iñigo Escauriaza (soinu teknikaria) eta Jonbe Martinezekin (gitarra) elkartu da Unax Nogales, eta talde gisa lehenbiziko proiektua ondu dute:
Living on the mountain. Folk amerikarra, soft pop eta country kutsudun diskoa gaur "jaioko" da, herrian, Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etan hasita. Sarrera 3 euro kostako da, eta 16 urtez azpikoek ez dute ordaindu beharko.
Zer esan nahi du zuretzat Living on the mountain-ek?
Unax Nogales: Helburu batera heltzeko gainditu behar dituzun oztopoak islatzen ditu. Eta, behin hori guztia gainditu eta helburura heltzean, mendira alegia, ez dela hain erraza han mantentzea. Hain zuzen, zailena bertan mantentzea dela.
Abestietako testuak biografikoak direla diozu, eta barrua hustu duzula horiek idazterakoan. Zer kontatu nahi izan duzu?
U.N.: Gai ezberdinak landu ditut. Alde batetik, maitasuna. Pare bat abesti idatzi ditut amodioari buruz. Bestetik, beldurra ere jorratu dut, norberak dituen beldurrak. Horrez gain, zorte txarraz ere idatzi dut... Esan dezaket proiektu hau dela pertsonalena. Egin ditudan guztietatik, hau da gehien identifikatzen nauena, nire pertsonaliteta propioa ateratzen lagundu dit. Agian, jendeak ezagutzen nau bertsioak egiten ditudalako. Egia esan, gozatu egiten dut bertsioekin eta asko ikasi. Baina, argi neukan, aldi berean proiektu propioa landu nahi nuela, nire abestiekin. Hau da gehien betetzen nauen proiektua.
Biluztu egin zara, ingelesez.
U.N.: Bai, txikitatik, abestiak ingelesez entzun izan ditut, eta kantak konposatzekoan ere, instintiboki, melodiak eta fonetika ere ingelesez ateratzen zait. Baina horrek ez du esan nahi etorkizun batean ez dudanik euskaraz edota gaztelaniaz konposatuko.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen
Zarauzko Hitzaren webgunean.