Imanol Urbieta musikari, konpositore, pedagogogo, idazle eta Zarauzko Abesbatzako zuzendaria izandakoa hil da. Harek egindako lana ezaguna eta aitortua izan da Euskal Herri osoan zehar. Azken hamarkadetan haur asko bere kantuekin hazi dira, eta herritar askoren soinu banda osatzen dute Urbietak sortutako abestiek.
Haren heriotzaren inguruan sortu diren erreakzioak dira ondorengoak.
Xabier Zabala: "Oso zaila izango da horrelako pertsona bat berriz izatea"
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen disko berriarekin lanean zegoela jakin du berria musikagile zarauztarrak. Hain justu ere, lan bikoitza izango da, eta "bigarren diskoa Manoloren omenez doa aurten".
Egun oso tristea dela adierazi du Xabier Zabalak. "Hasieran nire irakasle izan zen, ondoren laguna eta azkenean erreferentzia bat". Musika eskolan irakasle izan zuen, eta "ez dakit zenbat belaunaldi pasatuko ginen bertatik, baina guretzako sekulako eredua izan zen".
Pailazoen lan bikoitz berria bukatzen ari dira estudioan, eta aurten, diskoetako bat Urbietaren melodiekin osatuko dutela aurreratu du Zabalak. "Kontxi Aizarna emaztea, Iosu Txapertegi
Txapas eta Jaione Eskudero aritu dira proiektuan, eta Urbietarekin berarekin oso erraza izan da guztia, bai pertsonalki bai profesionalki. Gainera, diskoan jaso ditugun abesti batzuk berriak izango dira, beste inon oraindik argitaratu gabeak".
Irakurri albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Xabier Txurruka: "Gure herriko Musika Plazan biziko zara betirako, Manolo!"
Zarauzko alkatea Imanol Urbietaren eskolan ibilitakoa da eta alkate bezala ere hainbat oroitzapen ditu, besteak beste, sanpelaioetako Haurren Danborradan bizitakoa.
"Manolok utzi gaitu, baina sortzaile, pedagogo, musikari eta euskatzale bezala herriari utzi dion altxorrak betirako iraungo du". Xabier Txurruka alkateak gogoan du haurra zela, Zarauzko ume asko elkartzen zirela txerrikaleko Xirula Mirulan, "Manoloren inguruan", bere abestiak kantatzeko. "Han ziren Jose Antonio [Azpeitia] eta Kakax, Kokox eta Kirriki, besteak beste".
"Handitzen handitzen, otartekoa esku batean eta bestean txistua genuela abiatzen ginen musika eskolakoak Atotxara, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi... Haurren agerraldian berak konposatutako piezak jo izan ditugu herriko haur ia guztiok", oroitu du. Zarauzko eta Euskal Herriko haur gehienen musika bizipenak Urbietari zor zaizkio Txurrukaren arabera.
Irakurri albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Iosu Txapartegi 'Txapas': "Okina izan zen; haurrei kanturako ogia ematea zuen helburu"
“Imanol Urbietak bazuen helburu bat: beste era bateko pertsona izatea”. Banku batean lan egin zuen, baina konturatu zen nola zen gure herria, eta batez ere, nola zegoen, zein egoeretan. “Euskara kaleetatik desagertzen ari zen, eta erdal giro oso gogorra zegoen”. Urbietak Arantzazun ikasi zuen, eta herrira itzuli zenean , “segituan” sartu zen euskal giroan. “Bere aukera hori izan zen: okina izatea, haurrei kanturako ogia ematea. Eta hori bete du goitik behera”.
Hala ere, esku artean proiektu bat zuela joan da. “Azken boladan, buruan bazuen proiektu bat. Hain zuzen ere, haurrei nola erakutsi gure historia”. Iosu Txapartegi
Txapas-ek jakinarazi du 15 bat abesti berri zituela prestatuta umeei irakasteko zer den sua, zer den egurra, zer den basoa, zer den eguzkia...”Bere bizitza osoan eraman du ildo hori hil den arte”.
Hori izan baita bere ekarpen handienetakoa: euskalgintza bultzatzea. Eta bestea, pedagogia. “Gaur irratian entzun diot irakasle bati, gaur egungo pedagogiak egon behar duela haurrarengan zentratua. Hori zen, hain justu, Imanolek egin zuena: haurren beharretara egokitu bere lana eta haien zerbitzura jarri pedagogia. Aitzindaria izan zen, eta modu naturalean egin zuen, gainera. “Buruan izan du beti euskal haurrari beharrezkoa ematea, biharko euskal heldu hori ongi prestatuta egon dadin, euskaltasun eta irekitasunetik”.
Irakurri albisteo osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Jaione Eskudero: "Aita bat bezala izan da niretzako"
Zarautz Abesbatzako zuzendariak Urbietarekin eman zituen lehen pausoak musikan. Grabatu zituen diskotako abesti askotan entzun daiteke bere ahotsa.
"Berak murgildu ninduen musika munduan, eta asko ikasi nuen berarekin. Elkarrekin gauzak asko bizi izan ditugu, musika alorrean eta musika alorretik kanpo ere bai. Lagun-mina baino gehiago izan da. Aita bat bezala izan da niretzako", adierazi du Eskuderok.
Irakurri albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Andoni Egaña: "Sortzaile naizen aldetik uste dut asko zor diodala"
Imanol Urbietarekin "harreman estua" izan zuela adierazi du bertsolariak. "Nire gurasoen lagun-mina zen, eta ni bere semeen lagun-minena eta, aldi berean, gure irakasle izan zen".
Luzea da bidea biografia idatzi zuen Egañak duela urte batzuk, eta "bertan jasotzen dira gure oroitzapenetako batzuk".
Urbietaren heriotza berri tristea izan dela adierazi du Andoni Egañak. Duela hilabete eta erdi inguru ikusi zuten elkar azkeneko aldiz, Tomas Murua eskulturgilearen hileta elizkizunean. "Nahiz eta 82 urte izan eta aspaldian ez zegoen hain ondo, estabilizatu samar zegoen ustean geunden, baina eguna iritsi da".
Egañarentzat "sormenari bideak" ireki zizkiona izan zen Urbieta. "Umetatik ohitu gara kantatzen, umetatik ohitu gara sortzen, umetatik ohitu gara edozer edozein gai izan zitekeela kantagai ikasten, eta sortzaile naizen aldetik uste dut asko zor diodala. Ume ginela mundua ikusteko beste era bat eskaini zigulako".
Irakurri Imanol Urbietaren gutun osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.
Gari Berasaluze: "Omenaldi diskoarekin harenganako dugun maitasuna erakusteko aukera izan genuen"
Aurreko agintaldian, Zarauzko Kultura zinegotzi zela (EH Bildu), 'Bakarrik eta libre' omenaldi-diskoa kaleratu zuten eta Imanol Urbieta Udal Musika Eskola zabaldu.
“Mikel Laboa hil zenetik, uste dut ez dela sentsazio hori sentitu: hutsune handia”. Gari Berasaluze Kultura zinegotzi ohiak (EH Bildu) “sentimendu arraroa” deskribatu du, eta uste du orokorra dela.
“
Manolori buruz dena dago esanda, ez dut uste norbait bizirik egonda hainbeste omenaldi jaso dituenik. Makalaldi dezente izan ditu azken urtetan, eta udaletik zerbait egitea erabaki genuen aurreko agintaldian”. “Omenaldi guztiak eginda” zituela, zerbait berezia egin nahi izan zioten. “Laboa hil zenean,
Txerokee diskoa atera zuten, eta Urbietari ere antzeko zerbait egitea erabaki genuen, ohikotik harago”.
2013an kaleratu zuten
Bakarrik eta libre lana (Elkar), orduko udalak bultzatuta. Diskoak “maitasun asko” du bere barruan, Berasaluzeren arabera. “Euskal Herriko musikari askok harengandik sentitzen duten maitasuna jasota dago bertan”.
Zenbat abesti egin dizkigun maitasunez ta ezti. Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti.
Hain zuzen, Andoni Egañak
Manolo-ri eskainitako abestiko esaldi hori gogoratu du Berasaluzek. “Hala ere, seguru asko ez da berak emandakoaren laurdenaren laurdena ere, baina behintzat izan genuen, modu horretara, gure maitasuna erakusteko aukera”.
Irakurri albiste osoa
Zarauzko Hitzaren webgunean.