Ellande Balmaseda. (Aiora Larrañaga/Hitza)
ELLANDE BALMASEDA - Idazlea
Zarautzen bizi den Ellande Balmaseda oriotarrak ‘
Spectre: Uzta operazioa’ (Spectre Operacion Harvest) izeneko eleberri digitala argitaratu berri du; iaz kaleratutako lehen lanaren jarraipena da
Zure bigarren eleberri digitala argitaratu duzu. Lehenengoaren jarraipena al da?
Nire helburua hasieratik trilogia bat egitea izan da. Horregatik, bigarren lan honetan lehen eleberrian zintzilik utzi nituen gaietatik abiatu naiz istorioari jarraipena emateko. Protagonista konturatu da, bere aitak dituela bera bila dabilen erantzun asko, eta etxera itzultzen da.
Hainbat genero uztartzen ditu lanak, ezta?
Bai, zientzia fikzioa, intriga eta misterioa uztartzen ditu. Protagonistak sekretu bat aurkitu beharko du, eta horretarako bi rol jokatu beharko ditu. Alde batetik Spectre dela ezkutatu beharko du, eta bestetik bizimodu normala egin beharko du gainontzeko herritarrekin batera; oharkabean pasatu, alegia.
Aurreko eleberrian bezala, irakurleari istorioa jarraitzen laguntzeko bloga eskuragarri jarri duzu. Pertsonaia berriekin topo egingo al du irakurleak?
Bai,
bloga pertsonaia desberdinen deskribapena egiteko erabili dut bi kasuetan. Eleberriaren unibertsoa lantzen saiatzen naiz bertan, pertsonaia bakoitzak gainontzekoekin duen harremana zehazten. Nik beti esaten diet irakurleei, irakurtzen ari diren bitartean istorioaren haria galtzen badute, blogean begiratzeko.
Idazle bezala zaila al da unibertso zabal hori sortzea?
Bai, kontuan hartu behar dira lehena, oraina eta etorkizuna. Mapa kontzeptual erraldoi bat bezala irudikatu daiteke, armiarma sare handi bat baita.
Trilogia egiteko asmoa aipatu duzu. Bigarren lan honek jarraipena izango du, beraz.
Horrela izatea espero dut. Eleberriaren beste helburuetako bat, irakurleek parte-hartzea izan da. Lan egiteko modu esperimentala da. Irakurle dezente jarri dira nirekin harremanetan, eta beren ikuspuntua eman didate. Egindako ekarpenak kontuan hartu ditut bigarren lanean. Adibidez, irakurle batek esan zidan lehen eleberrian emakumeek protagonismoa txikia zutela iruditu zitzaiola; bigarrenean hori zuzentzen saiatu naiz, gizon eta emakumeen arteko oreka lortzeko.
Gustura al zaude egindako lanarekin.
Bai, lehen eleberri digitalak erantzun oso ona izan zuen irakurleen artean, eta bigarrenak ere harrera ona izatea espero dut.