Hogei urte pasatxo egin dituzu erraldoi bat eramaten. Erraz esaten da, baina nola hasi zinen honetan?
Ba 22 urte izango dira hasi nintzela. Alfa zaharrean egiten nuen lan, Pepe Mutiozabal
Txabillorekin batera, eta sanpelaioetarako jendea behar zutela komentatu zidan. Txikitan ere hor ibiltzen ginen buruhandien aurretik korrika, eta zarauztarra izanda, animatu egin nintzen. Horrela hasi ginen Juan Angel getariarra eta biok. Hark duela hiru urte utzi zuen, eta nik gaur egun arte iraun dut.
Nola oroitzen dituzu hasierako egun haiek?
Txerrikaleko astotegitik ateratzen ginen orduan, baina nik ez nituen erabili erraldoi zahar haiek, erregea eta horiek. Egungo pertsonaienak erabiltzen genituen, baina, ondoren, erre egin zirenak. Burdinezko egitura zuten, eta pare bat kilo astunagoak baldin baziren ere, erabiltzeko erosoak ziren. Hasieran urduri ekin nion, baina berehala hartu nion gustua.
Emakume baserritarraren pertsonaia eraman al duzu beti?
Bai, beti horrekin, emakume baserritarrarekin, ibili naiz. Salbuespen bakarra gure erraldoiak erre eta ondorengo bi urteak izan ziren. Bolada hartan Azpeitiko erraldoiak ekarri genituen, eta nik erraldoi beltza erabili nuen. Aluminiozkoak ziren, oso arinak, eta gu guztiak emanda ibiltzen garenez, ateratzen ginen bakoitzean erraldoiari hatzen bat edo azkazalen bat puskatzen nion. Ondoren, Zarauzko Udalak berriak egin zituen pertsonaia berdinekin, eta bakoitzak berearekin jarraitu genuen.
Elkarrizketa osoa,
Zarauzko Hitzaren webgunean.